ESKUTITZA

Indarkeria matxistaren aurkako protokolo honi ez!

Lasarte-Oriako Berdintasun Kontseiluko eragile eta mugimendu feministako ordezkariak 2024ko eka. 25a, 12:41

Lasarte-Oriako Berdintasun Kontseiluko eragile eta mugimendu feministako ordezkariek idatzi bat bidali dute TXINTXARRI-ren erredakziora. Jarraian irakur dezakezue, oso-osorik.

Badira bi urte Lasarte-Orian berdintasun kontseilua osatu zenetik. Udalaren partetik, arduradun politikoa eta berdintasun teknikaria, eta beste aldetik mugimendu feministako zenbait kide eta talde eragile batzuen ordezkariak biltzen eta lanean aritu gara gure herria feministagoa eta berdinzaleagoa izan dadin.

Besteak beste, bi urte hauetan festetako protokolo on bat sortzea izan da gure helburu nagusietako bat. Iazkoa onartu genuenean argi genuen alde guztiek oinarrizko eta minimoetako adostasuna zela eta aurten hori sakontzen eta hobetzen segitzeko lanean aritu behar genuela. Eta horretan aritu gara Udalarekin adosten puntuz-puntu, aurten ezarri behar zen protokolo berria. Besteak beste honako neurriak barnebiltzen zituen: Manttangorri zerbitzua festa egunetan gauez martxan jartzea, erasotuak izan diren horien arta herrian bertan arreta eskaini dezaketen profesionalen esku egotea, musika taldeei eskatzea protokoloaren oinarri berdinzaleekin bat egiteko, emakumeak oholtzan egoteko politikak aurrera eramatea eta abar. Ez ginen ari aparteko ezer eskatzen. Inguruko herri eta hirietara begira egindako proposamenak ziren: ziur ikusi dituzuela beste herri batzuetan kioskoak sexu erasoen aurkako prebentzio eta arreta lana egiteko, edota gauetako autobusak ezagutzen dituzue. Lasarte-Oriako emakumeok festaz gozatzeko aukerak zabaltzea zen asmoa, besterik ez.

Bazirudien gure lanak fruituak eman zituela. Adostuta, idazteke eta sinatzeke zegoenen protokoloa, baina, tamalez, udaleko bi ordezkariek baja hartu behar izan dute ia aldi berean. Festak gerturatzen zihoazelarik eta inongo informaziorik ez genuenez, udalarekin jarri ginen harremanetan, protokoloarekin zer gertatu zen jakiteko. Bajan dauden horiek ordezkatzen ari diren karguekin bildu ginen joan den ostiralean (iada festak gainean ditugula) eta gure sorpresarako, adostutakoak kontutan hartu ez dituztela eta 2023ko prokoloa baino okerragoa den bat sinatzera gonbidatu gaituzte. Ez dago ez arta espezializaturik, ez eta beste eragile batzuekin akordiorik ere.

Gure erantzuna ezezkoa borobila da. Eta publiko egin nahi dugu ez dugula aurten jarraituko den protokoloarekin zerikusirik. Era berean udalaren jarrera salatu nahi dugu, gure lana eta gure esfortzua gutxietsi dutelakoan. Benetan espero dugu, egin dugun lan eskergagatik aurtengoa salbuespena izatea eta guztiontzako gozagarriak diren jaietan sakontzeko asmoarekin eustea. Bestela, herritarron erdiarentzat ez dira festa justuak izango.

Errespetuz jokatu diote, haiek. Guk nahiago dugu esan Lasarte-Oriako gauak, festak, plaza… gureak direla.