San Joan bezperako gaua berezia da. Urteko laburrena izateaz gain, tradizioak eta sineskeriak bat egin dute suaren inguruan. Ohiturari helduz, Erketz EDTko dantzariek lagunduta udal ordezkariek dantza egin dute udaletxe zaharraren aurrealdean, aterkipean babestuta zegoen herritar talde batean begiradapean. Ondoren, txistulariak buru, Andatza plazara joan dira, bidean, herritar gehiago batuta.
Plazako itxituraren inguruan ere beste asko zain zeuden; eta kioskoan, Alboka Abesbatza eta Zero Sette akordeoi orkestra prest, emanaldi bateratua egiteko. Euri finak jarraitu du udal korporazioak eta dantzariak pilaren bueltan zenbait dantza egin dituzten bitartean. Azkenekoetan nahi izan duten herritarrak batu dira, eta hala zebiltzala, Agustin Valdivia alkateak sua piztu du.
Egunean zehar botatako euriak blaitu du erre beharreko meta, eta sua piztea nahiko erraz lortu badute ere, garrek ez dute pila osoa hartu. Ahalegindu dira gaztetxoenak ikasturteko apunteak, liburuak eta beste asko botata elikatu baitute, datorren ikasturteari begira zorte ona ekarriko diela sinetsita edo atzean utzi nahi duten hori ahazteko. Suari dagokionea, emaitza, tamalez, ke laino lodia besterik ez da izan.
23:00ak aldera, garrek indarra hartuko zutela zirudienean, tontorreko piloa erori da, eta euria bueltatu. Orduan, plazan gelditzen ziren gutxiek ere amore eman dute.