Buruntza igotzeko plana zuten LOTMEk antolatutako familia ibilaldian parte hartzeko asmoa zutenek, baina eguraldia ez dute gaurkoan lagun izan. 175 lagunek izena eman bazuten ere, 75ek erabaki dute aurrera egitea, euria kontuan izan gabe. Irteera baino minutu batzuk lehenago iristen joan dira Okendo plazara, eta Antonio Mercero gunearen atarian jarritako karpan jaso duten beraien txartela. Jantzi eta oinetako aproposak soinean, abiatzeko unearen zain udaletxearen arkupeetan egon dira. Umore onez ekin dioten hamabi kilometroko bideari, eta hura osatuta plazara bueltatu direnean, hamaiketakoa zain izan dute. Batzuek, gainera, opariren bat ere jaso dute. Egitasmoak helburu hirukitza du, familian mendian ibiltzea, herriaren ingurune naturala ezagutaraztea eta bertako merkataritza dinamizatzea.