"Urtetako lana da hau. Ezin da denbora zehaztu; hemerotekan eta federazioan egunak egin ditut. Ezkongabea nintzela hasi nintzen guztia jasostzen, beraz, pentsa", onartu du Zatarainek. 1940 urtetik gaur eguneraino elkartearen neurketa guztien aktak ditu eta atezain edo jokalari baten estatistikak emateko gai da.
Liburuan Erregional zein Jubenil mailako lehen taldeen fitxa eta bakoitzeko jokalarien zerrenda ikusgai dago, baita entrenatzaileen eta lehendakariena ere. Eta guztia datu estatistikoez lagunduta dago.
Hemeroteka zatia ere badu; 1923an sortu zenetik elkarteak izan dituen gorabeherak azaltzen dituen egunkarietako zatiak ikus daitezke. "Hemeroteketan begiratu behar izan dut, 1940 urtea baino lehen ez dago elkartearen erregistrorik, ezta federazioako aktarik ere," azaldu du Zatarainek. Eta azkenik, talde guztien argazkiekin osatu du beste atal bat.
Igoera lortu
Taldearen historiari begira, 1961ean 3. mailara igo zirenean urrezko urteak izan zirela nabarmendu du: "Orduan 1. Erregionaletik 3. mailara egiten zen jauzia. Ez da gaur egun bezala. Sei denboraldi egin zituen bertan. Jokalari ezagunak izan ziren urte horietan Realak fitxatu zituen Jose Ramon Esnaola atezaina edo Jose Miguel Arregui aurrelaria. Lasarte-Oriako, orduan Lasarte, jokalariak ere bazeuden, Julio Arcos edo Luis Goyaran, esate baterako". Horrez gain, talde hori Gipuzkoako kopa jokatzera iritsi zela ere aipatu du: "Urte berean, lehen taldeak eta jubenilek lortu zuten finalera iristea. Atotxan jokatu zuten eta biek galdu zuten. Ez da gutxi finalera iritsi izana".
Andoaingo taldean herriko jokalari eta entrenatzaile ugari izan direla ere zehaztu du. Azpiko koadroan erregional mailan ibilitako herritarretako batzuk. "Entrenatzaile modura, Luis Brit, Luis Mari Etxarri, Tito Prieto edo Arkaitz Illarramendi ere izan dira eta beheko mailetan edo nesken taldean ere izan dira," gehitu du.
Herritarrak, Erregionalean |
||||
|
|
|
|
|
Lasarte-Oriako herritarren batek liburua eskuratu nahiko balu, Andoaingo Stop liburudendara jo beharko lukeela azaldu du, eta argi utzi du guztia musutruk egin duela: "Nik ez dut dirurik lortzen honekin".
Zaletasuna, besterik ez
Afizioz egiten du. Goizeko 06:00etan jaiki eta zereginetan hasten da: "Estatistikak gustuko ditut, antzinako egunkarietako errekorteak eta hemerotekan gauzak begiratzea. Zaletasuna da; ez da inork inposatua, ez da lana. Guztia informatikoki dut artxibatua, Acces bidez. Argazkiak eta negatiboak ere pasatzen ari naiz pixkanaka. Egunak motzak dira niretzat".
Eta Andoaindarra de futbol Facebook orrialdea ere elikatzen du: "Argazki zaharrak, istorioak... oraingo gazteak ez dira sartzen, baina nire garaikoek gustura irakurtzen dituzte. Orain jubenilen fitxak argitaratzeko lanean ari naiz.".
Euskaldunaren gainean, liburu eta liburuxkak ere prestatu ditu, hala nola, 75. urteurrenean eta 90. urteurrenean egin zituen. Batzuk alde batera utzita dituela onartu du: "Nesken taldearen liburua argitaratzea gustatuko litzaidake, baina linboan dut. 3. mailan egindako denboraldien gainekoa ere buruan dut. Ezin naiz ezer egin gabe egon. Oraintxe ordenagailua kenduko balidate, hilko nitzateke". Eta ahal duenera arte, "bere eguneroko lanak" egiten jarraituko duela esanez amaitu du elkarrizketa.