Agustin Valdivia alkateak eta Jaietako zinegotzi Txus Alonsok agerraldia egin dute Makelurreko lagunekin, herriari jakinarazteko eragile hori izango dela aurtengo omendua. Berria iragarri aurretik zenbait kiderekin bildu ziren eta horiek onartu dutenez, hasieran uste zuten "broma bat" zela. Taldekideak esandakoari berehala erantzun dio Ludik, hastapenetatik bertan ari denetako batek: "Nola izango da, ba, txantxa, ongi merezita dugu!". Lehen ordu eta eguneko ezustekoa gaindituta, beste sentimendu batzuk gailendu dira emakumeengan: harrotasuna, ohorea, ilusioa, emozioa, eta abar. "Herritarrek guri aitortza hori egitea, gu horrela besarkatzea... oso garrantzitsua da eta urte askotako prozesuaren parte. Lasarte-Orian aztarna uzteko modu ederra da", nabarmendu dute denek.
"Eboluzioa" izan da aipatu duten beste hitzetako bat: "Hauts izpi bat izaten hasi zena burbuila handi bihurtu da". Sexuen Elkarbizitzarako Emakumearen Zentroaren altzoan jaio zen taldea, 2006an. "Eskaintzen zutenaren artean antzerkia zegoela ikusi genuen eta izena ematea erabaki genuen", kontatu dute partaide beteranoenek. Urte horretako ekainaren 1ean estreinatu zuten lehenengo lana, La boda, Arantzazuko Ama parrokiako aretoan. Beste hamasei emanaldi egin dituzte ordutik, azkenekoa, urte honetako martxoan, Emakumearen Nazioarteko Egunaren egitarauaren barruan: Escuela de princesas. "Elkar topatzeko talde bat da hau, emakumeak elkartu eta egunero gertatzen zaigunari buruz hitz egitekoa: alaba kanpora doala ikastera, minak, menopausia... Adieraztea da gure helburua, jaso dezatela herritarrek guk barruan duguna; forma ematen diogu errealitateari eta esan nahi dugunari", azpimarratu du Makelurren zuzendari Maria Aguirrek.
"Indarberritzeko" tokia
Omenduaren berri emateko prentsaurrekoa zena lagunen arteko elkarrizketa bilakatu da eta apurka-apurka asko izan dira sentitzen dutena azaltzera animatu direnak. Mari Karmen: "Astean behin entseatzen dugu eta joan gaitezke oso nekatuta, gaizki, porru eginda... eta amaitzean indarberrituta ateratzen gara, elkar babesten dugulako". Hori esanda, kide dituen guztiei eskerrak eman dizkie eta baita zuzendariari ere: "Edozer behar badugu hor dago bera, ez soilik saioetan, baita egunero ere, edozeri buruz hitz egiteko".
Antzezlea eta terapeuta da Maria Aguirre tolosarra eta hamarkada bat pasatxo darama Makelur zuzentzen eta antzezleengandik loreak jaso ahala itzuli dizkie. "Zoragarria" iruditzen zaio horrelako emakume talde batekin lan egitea, lanketa kolektiboen kaltetan indibidualismoa gailentzen ari den garai honetan: "Gaur egun ez gara elkartzen eta ez dugu ezer jorratzen horrela, badirudi beldurra ematen digula kezkak eta bestelakoak partekatzeak. Bizitzea hori da, zailtasunei aurre egin eta aurrera egitea; horretan ari gara gu".
Esan bezala, hamalau antzezle eta zuzendari batek osatzen dute Makelur. "Garrantzitsua" iruditu zaie nabarmentzea belaunaldi askoren ordezkariek osatzen dutela taldea, 40-45 urteko kideetatik hasi eta 80 urte baino gehiago dituzten parte hartzaileetaraino. Beteranoa ala sartu berria izan, guztiak dira familiako kide. Purik eman du horren adibide bat: "Omenduak gu izango ginela jakin genuen egunean ezin izan nuen etorri, lanagatik. Pentsatu nuen aitortza hori ongi merezita zutela gainerakoek, ni aparte utzita sartu berria nintzelako, eta berehala sentiarazi ninduten urteotan egin duten guztiaren parte".
Entseguak, jantziak...
Gidoi mardulak irentsi bainoago, inprobisazioa erabiltzen dute Makelurrekoek antzezterakoan. Hori da zuzendariaren lan egiteko modua: "Barruan daramaguna entzun eta atera behar dugu". Horrek, edonola ere, ez du esan nahi entseatzerakoan testurik erabiltzen ez dutenik. Are gehiago, kideek beraiek idazten dute eta horrek baditu abantailak, izan ere, "errazagoa" zaie emanaldietan esan behar dutena memorizatzea. Horrez gain, eszenografia lanak eta jantziak ere beraiek egiten dituzte: "Guk sortzen dugu dena eta elkarrekin egiten dugu; horrek du grazia".
Amaitu aurretik, Makelur izenaren jatorria azaldu dute. Hitz joko edo esanahi ezkuturik ez, praktikotasuna baizik: "Garai horretan taldeko kide ginenon izenen lehenengo hizkiak idatzi genituen arbelean eta 'Makelur' izan zen gehien gustatu zitzaiguna".
Hamazazpi antzezlan, 2006tik
Sexuen Elkarbizitzarako Emakumearen Zentroaren altzoan sortutako Makelur antzerki taldeak hamazazpi antzezlan egin ditu 2006ko ekainetik aurtengo martxora arte. Urtean behin edo bitan igotzen dira kultur etxeko eszenatoki gainera, Emakumearen Nazioarteko Egunean nahiz Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean. Horrez gain, ekimen bereziren batean ere parte hartu izan dute, esate baterako, Alkoholiko Anonimoak erakundearen 73. urteurrenean, 2008an.
Makelurren antzezlanak
• 2006ko ekainaren 1ean, Arantzazuko Ama parrokiako aretoan: La boda.
• 2007ko martxoaren 24an, kultur etxeko auditorioan: Centro Cínico Café.
• 2008ko ekainaren 9an, kultur etxeko auditorioan: A mí sin alcohol, gracias. Alkoholiko Anonimoak erakundearen 73. urteurrenean parte hartu zuen antzerki taldeak. Euren aurretik El secreto bien guardado obra oholtzaratu zuen Lan eta Lanek.
• 2008ko azaroaren 21ean, kultur etxeko auditorioan: Retales de mujer.
• 2009ko azaroaren 11n, kultur etxeko auditorioan: Odisea donde sea.
• 2010eko azaroaren 26an, kultur etxeko auditorioan: Reencuentros con nuestras cosas.
• 2011ko azaroaren 25ean, kultur etxeko auditorioan: Patio de vecinas.
• 2012ko azaroaren 23an, kultur etxeko auditorioan: Siete viudas.
• 2013. urtean, kultur etxeko auditorioan: Cabaret de madame.
• 2014ko azaroaren 28an, kultur etxeko auditorioan: Cuentos a la oreja.
• 2015eko azaroaren 27an, kultur etxeko auditorioan: 9 mosaicos infinitos.
• 2016ko abenduaren 2an, kultur etxeko auditorioan: La eterna juventud.
• 2017ko azaroaren 24an, kultur etxeko auditorioan: Lo que tu quieras Bernarda, y las demás... ¿qué?.
• 2018ko azaroaren 23an, kultur etxeko auditorioan: La primavera de Antonia.
• 2020ko martxoaren 6an, kultur etxeko auditorioan: Pase lo que pase... llegamos.
• 2023ko martxoaren 10ean, kultur etxeko auditorioan: Sálvese quien pueda, canal 38.
• 2024ko martxoaren 8an, kultur etxeko auditorioan: Escuela de princesas.
Makelurren argazki hemeroteka
Makelur antzerki taldeak urteotan aurrera eramandako antzezlan batzuen argazki eta artikuluak hartu ditugu hemerotekatik.