Ekaina hilabete mugitua izaten ari da Ander Hazas Berasategui gaztearentzat. Hace tiempo eta Zenbat gau abestiak (bigarrena, beste herritar batzuekin elkarlanean) estreinatu berri ditu eta sanpedroetan zuzeneko lehenengo emanaldia egingo du, non eta bere jaioterrian bertan.
Gero eta gutxiago falta da kontzerturako. Nola zaude?
Sentimendu nahasketa bat dudala esango nuke: pozik, urduri, gogotsu... Kontzertua ematea proposatu zidatenean, duela hiru aste inguru, urduri nengoen, apur bat ezustean harrapatu ninduelako. Emanaldia forma hartzen ari dela ikusten ari naiz eta motibatu egiten nau horrek, uste dut ongi aterako dela dena.
Lasarteoriatarra izanik, berezia da zuretzat lehen emanaldia herrian bertan egitea?
Bai, noski! Hasieratik babestu nauten lagunen aurrean aritzea, ezagutzen ez nauen jendea etorri eta publikoa zabaltzea... Berezia eta polita izango da. Gainera, ez naiz bakarrik egongo eszenatokian, Zenbat gau abestian Jagoba Mendizabal ariko da nirekin eta horrek lasaitu egiten nau.
Zer-nolako kontzertua izango da?
Nire errepertorioko abestiak joko ditut eta Unai Arruti herritarrarekin efektu bisual batzuk prestatzen ari naiz, kontzertuko musika irudiekin laguntzeko.
Zein musika mota egiten duzu?
Genero ugarirekin saltseatzen ari naiz: rap, trap, reggaetoia, flamenkoa, pop-rocka... Hasi nintzenean aurreneko biak lantzen nituen eta pixkanaka hasi naiz beste batzuekin lanean. Ikasten ari naiz eta horretan jarraitu nahi dut, gauza gehiago probatzen eta artistekin kolaboratzen, nola lan egiten duten ikusteko.
Noiz hasi zinen abestiak egiten?
Duela zazpi urte. Aitor Rezusta lagunak abesti bat bidali zidan, brometan, eta beste batekin erantzun nion. Gustatu zitzaidan, bi astera beste bat egin nuen eta horrela segi nuen, pixkanaka, konturatu nintzen arte kantu dexente eginda nituela. Oinarri instrumentalak YouTubetik hartzen nituen eta letrak idatzi gero. Produktore batekin jarri nintzen harremanetan, TheboyAtaide-rekin, batzuk ekoizteko. Horiek ez ditut jendaurrean erakutsi.
Prozesuaren hasiera polita izan zen. Gero eta motibatuago hasi nintzen lanean eta ikusi nuen ari nintzela hobetzen, ez momentuan, buru-belarri ari nintzelako sortzen, baina urte batzuen ostean atzera begiratzean bai, eboluzionatu eta pauso batzuk eman ditut.
Egindako abestiak ez zinen berehala igotzen hasi, gerora baizik. Nola sentitu zinen urrats hori egin zenuenean?
Lagunei bakarrik bidaltzen nizkien hasierako urteetan eta jasotzen nuen beraien erantzuna, baina jendartean geroago hasi nintzen nire lana zabaltzen, duela bi urte: Te quedas o te vas kantua izan zen aurrenekoa. Izugarrizko lotsa sentitu nuen! Entzun dutenetako askok esan zidaten gustatu zitzaiela eta horrek motibatu ninduen aurrera jarraitzeko, abesti gehiago kaleratu ahala konfiantza irabazi dut.
Zeri buruz hitz egiten duzu abestietan?
Gehienbat, amodioari buruz. Izan daitezke nire bizipenak, lagunenak edo besterik gabe aspertuta nagoen uneetan imajinazioa martxan jartzea. Maitasunari buruz idazten jarraitzen dut gaur egun, baina kantuek badute festa ukitu gehiago. Aurreko urtetik ari naiz uneotan nire produktorea den Julen Fezzy-rekin lanean; serioago ari naiz orain. Egia esan, Julenen lanagatik ez balitz, ez nintzateke ezer izango; asko laguntzen dit egiten duen guztiarekin: nahastu, masterizatu... Abestiko elementu guztiak dagokien tokian egoteko lana da produkzioa, beste era batera esanda.
Horri lotuta, oinarri instrumental propioak sortzen hasi nahi dut, mundu horretan sartu. Asier anaiak house generoko kantu batzuk egin zituen duela urte batzuk eta kuriositatea izan dut ordutik.
Hilabete mugitua izaten ari da ekaina. Kontzertuaz aparte bi kantu estreinatu berri dituzu, 'Hace Tiempo' eta 'Zenbat gau'.
Hori da, ea nolako harrera duten. Pozik nago egindako lanarekin. Hace tiempo abestian reggaetoia eta flamenkoa batu ditut. Zenbat gau, berriz, pop-rockeroagoa da eta flamenko zati bat ere badu, herriko beste musikari batzuekin elkarlanean egindakoa da: Jagoba Mendizabal, Beñat Bobillo eta Oihan Agirretxe. Azken hori Zumaiako Ozen estudioan ekoiztu dugu, Jurgi Taboadarekin. Julen Fezzy-k eta beste bi ekoizlek parte hartu dute, Jorge eta Oier dstro.lw-k. Azken bi horiek flamenkoaren zatia egin dute.
Horri lotuta, konturatu naiz euskarazko abestiak idaztea eta sortzea asko gustatu zaidala. Orain arte gaztelaniaz egin dut lan, baina badut gogoa bi hizkuntzak nahasten hasteko etorkizuneko lanetan.
Epe laburreko proiektu eta hitzorduez hitz egin dugu. Horien ostean, zer? Nolako uda izango duzu?
Formakuntza duala egiten ari naiz, ikasten eta lanean aldi berean. Horregatik, ez dut denbora gehiegirik izan azken hilabeteetan abestiak sortzeko. Udan tope aritu nahi dut musika egiten eta artistekin kolaborazio berriak bilatzen. Horrez gain, Nafarroan badut lagun kuadrilla bat eta kontzerturen bat edo beste lotzen saiatzen ari gara: ea abuztu hasieran Lizarran egingo dituzten festetarako zerbait egiten dugun.
Bukatu aurretik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditut jaietako igandeko kontzertura, animatu daitezela etortzera.