Nire etxeko ganbaran ari naiz araka, zer dagoen ikus-miran. Aspaldian pilaturik dauden eta urtean behin behintzat hautsa lekuz aldatzen zaien kaxa mordoxka bati begira. Honako honetan sartu ote nuen? Edo beste horretan ote zen? Inongo idatzirik edo ikurrik ez, eta horrela nekez aurkitu daiteke zerbait.
Hankapean dudan kaxatik hasi naiz, ixteko erabili ohi den zinta marroiaren punta azkazalarekin urratu eta berehala askatu da alderik alde. Hauts gainean ipinitako behatzen arrastoa nabarmen islatzen delarik, kaxa zabaldu eta kolore desberdin eta askotariko arropa mordoa atera dut, praka gorriak, alkandora berdea, peluka luze bat…
Ateratzearekin bat mozorroak janzten hasi naiz, pailazoarena, bikingoarena, iazkoa, orain bi urtekoa, auskalo noizkoa… a ze piura! Baina lotsarik ez! Irudimena era askean lantzeko modu aproposa. Izan ere, urtean behin norberaren buruaz edo besteenez barre egitea bezalakorik ez dago. Urtean zehar zer esana eman duen pertsonaia edo gertaera konkretu batzuei iseka, kritika edo barre egiteko balio duen festak dira.
Supermanena erantzi dut, Tejerorena janzteko… hau agian zahartuegia geratu da eta esploratzailearena probatu dut. Ordubete eman dut mozorroak probatzen, hau jantzi, hura erantzi; sartzeko komeriak izan ditudan praka estu-estuak, peluka laranja, betaurrekoak, hotz egiten badu barruko kamixeta eta beste hainbeste arropa. Azkenerako, izerditan eta nekatuta, erabaki dut aurten zertaz mozorrotuko naizen.
Ea bihar ikusi eta elkar ezagutzen dugun. Inauteri on!