Sorgin kuadrillak Isla plazatik Okendora jaitsi eta Xumela koruarekin batera txupinazoa jaurtitzen dutenetik Vulcano etxeak su festa egiten duenera arte sei egun pasako dira. Festa giroaz gozatzen eta parrandan dabiltzanentzat laburragoa izango da tartea, emanaldiak egiten dituztenentzat ere bai ziur asko; festetan lan egin beharko dutenentzat, berriz, astiroago biratuko dute erlojuen orratzek.
TXINTXARRI aldizkariak 30 urte eta hilabete batzuk daramatza Lasarte-Oriaren egunerokoaren berri ematen; jaiak barne, jakina. 1994ko ekainaren 24an kaleratu genuen Jayak aizue, jayak! izenburudun gehigarria, eta, ohartzerako, esku artean duzuen hau argitaratu dugu.
Hiru hamarkada azkar ala mantso igaro ote diren erlatiboa da guretzat ere: ziztu bizian batzuetan, barraskiloen pare besteetan. Erlatiboa ez dena, hauxe: herriarekiko dugun konpromisoa. Gertutasunez eta euskaraz jarraituko dugu lanean, beste 30 urtez gutxienez.
TXINTXARRI-ko lantaldeko kideon partez, disfruta ditzazuela herriko festak, sanpedroak eta Sorgin Jaiak! Argazki kamera eta koaderno, alboan izango gaituzue, 1993ko udazkenetik beti egin izan dugun bezala.
Argazkien krokisa
- 1994: Sorgin Dantza, Kale Nagusian barrena.
- 1995: Geltoki eta Uistin kaleen artean jartzen zituzten txosnak 90. hamarkadan.
- 1996: herritarrak, zezensuzko txinpartatsuengandik ihesi.
- 1997: haurrek, nola ez, primeran pasa izan dute beti festetan.
- 1998: goitibeheren jaitsierek herritar ugari erakartzen zituzten.
- 1999: Okendo plaza zaharreko giroa.
- 2000: haur kuadrilla bat, makarroiak jan ostean ur jolasetan aritzeko prest, Urbarteko itsasontzian.
- 2001: jai alternatiboetako kideek protesta egin zuten txosnak jarri ezin zituztelako. Herritar ugariren babesa izan zuten mobilizazioetan.
- 2002: umeentzako puzgarriak, beti presente festetan.
- 2003: xexenak Atsobakarreko belardira eramaten zituzten lehen.
- 2004: Biyak Bat adinekoen egoitzako Juventud Acumulada konpartsako kideak, giroaz gozatzen.
- 2005: Okendoko frontoian jokatzen zituzten pilota txapelketako finalak.
- 2006: ATLO elkarteak antolatutako haurren danborrada, Kale Nagusira sartzen.
- 2007: Ttakun Kultur Elkarteak arrakasta handiz antolatu izan ditu zikiro afari herrikoiak.
- 2008: Oriako jaitsiera izan da Sorgin Jaiak-en ikurretako bat.
- 2009: txu-txu trena ere etorri izan da sanpedroetan.
- 2010: herri kirolen erakustaldiek giro ederra sortzen dute urtero.
- 2011: Sorgin Jaiak kuadrillen jaitsierarekin hasi ohi dira.
- 2012: herriko jai alternatiboen txosna gunea Okendo plazara itzuli zen.
- 2013: bakailao txapelketa asko egin izan dituzte Sorgin Jaietan.
- 2014: Okendo plaza txiki geratu ohi da gaueko kontzertuetan.
- 2015: kale emanaldiek giro ederra jartzen dute.
- 2016: haurrena ez ezik, ATLOk beteranoen danborrada ospatzen du urtero.
- 2017: erraldoi, buruhandi eta txarangarik gabe, zer lirateke jaiak?
- 2018: haurren txupinazoa udaletxe zaharreko balkoitik jaurtitzen dute, omenduek batzuetan eta udal ordezkariek besteetan.
- 2019: su artifizialek ixten dituzte urtero sanpedroak.
- 2020: koronabirusaren pandemia lehertu eta hilabeteetara egitarau murriztua antolatu zuen Sorgin Jaiak-ek. Besteak beste, danborrada aurrera eraman zuten gazteek.
- 2021: Ane Labaka eta Lierni Rekondo bertsolari lasarteoriatarrak, urtero udalak antolatzen duen emanaldian abesten.
- 2022: "normaltasuna" eta alaitasuna itzuli ziren herriko jaietan. Besteak beste, kaleak jendez bete ziren berriro, artistekin batera gozatzeko.
- 2023: Katxiporretako pailazo eta gainerako langileek omenaldi hunkigarria jaso zuten iaz, Sorgin Jaietan. Lepo bete zen Okendo plaza.