18 urterekin hasi zen musikaren munduan lehen urratsak egiten Cristina Sierra Hernandez (Lasarte-Oria, 1963). Lau hamarkada pasatxo pilatu ditu dagoeneko abeslari gisa, eta denbora horretan guztian, zenbait orkestra eta taldetako kidea izan da. Egun, Ibai Berriak taldearekin ari da hango eta hemengo oholtzetan kantari, horien guztien artean, Lasarte-Oriakoan ere bai. Urtez urte hutsik egiten ez duen San Pedro Jaietako jardueretako bat da aipatu taldearen emanaldia, eta, aurten ere, bertan izango da; Isla plazako eszenatokian, hilaren 28an.
Zenbat urte daramatzazu musikagintzan?
42 urte daramatzat abesten. Urtebetean 185 gala egin izan ditut urterik onenetan. Erraz esaten da, baina…hori bai, ez nuen abestu besterik egiten. Soldatapeko lana izan zen niretzat urtetan; lan polit bezain gogorra, hori bai.
Hainbeste urtez aritzeko prestaketa ezinbestekoa izango da, ezta?
Bai, ezinbestekoa da. Fisikoki prestatuta egotea garrantzitsua da, baina ahotsari dagokionez ere bai. Ni 18 urterekin hasi nintzen kontserbatorioan. Prestakuntza egin nuen urtebetez, solfeo beste urtebetez, eta koruko hiru urte. Hori amaitu ostean, nire asmoa kontserbatorioan kantua ikastea zen, baina orkestra batek deitu ninduten, eta irakasle partikular batekin hasi behar izan nuen.
Egun musika bikoizketa eskolak jasotzen ari naiz, eta kantu eskolak ere bai.
Ikasten dut ahotsa proiektatzen, arnasa ongi hartzen eta diafragmarekin lan egiten eta ez eztarriarekin… Hori guztia ikastea ezinbestekoa da abeslari batentzat; hori gabe, pare bat edo hiru kanta abes daitezke, baina ahotsa kaltetu gabe bi eta hiru orduko emanaldiak egitea ezinezkoa da prestakuntzarik gabe. Jendeak pentsa dezake besterik gabe oholtzara igo eta kantatu egiten dudala, baina hori ez da horrela; etengabeko prestakuntzan ari naiz.
Nola sortu zen Ibai Berriak?
Iruñeko orkestra batekin aritu nintzen urte luzez. Estatuan lan asko egin genuen talde horrekin, baina atzerrian ere ibili ginen, Suitzan esaterako. Ezkondu eta seme zaharrena izan nuelako talde hura uztea erabaki nuen. Amatasun bajan nengoela, Donostiako talde ezagun batek deitu ninduen. Bertan hasi nintzen, baina denbora gutxi iraun zuen, proiektu hark ez baitzuen aurreikusi bezala funtzionatu. Talde horretako kideek eman zidaten Ibai Berriak-en berri. Emakumezko taldekide baten bila ari zirela esan, eta harremanetan jarri ginen. Horrela hasi nintzen Ibai Berriak-en. Hiru bat urte iraun zuen talde hark. Desegin egin zen gero, eta piano jotzailea eta biok geratu ginen. Bikote gisa aritu ginen denbora batez, eta, ondoren Raulekin [egungo abeslari eta gitarra zein perkusio jotzailea] hirukotea osatu genuen.
"Gustatzen zait herrian aritzea, baina aitortu behar dut oso urduri jartzen naizela"
Urtez urte sanpedroetako egitarauan hutsik egiten ez duen hitzordua da Ibai Berriak-en kontzertua.
Bai, hala da. Egungo Ibai Berriak taldearekin, oker ez banago, 10 urte dira parte hartzen dugula.
Herritarrek urtero espero zaituztete Isla plazan.
Bai. Hamalau urtez aritu gara Donostia Kulturaren +55 programan. 55 urtetik gorako pertsonentzako ekimen bat da, eta horientzako eskaintzaren barruan, hainbat taldek parte hartzen zuten, tartean guk. Dantzaldi horietara joaten zen Lasarte-Oriako jende ugari; hor ezagutu gintuen herritar askok.
Zuen emanaldiak, beraz, adin horretako publikoari zuzenduta daude?
Eskaintza ezberdinak egiten ditugu, kontzertura joango den publikoaren araberakoak. Lasarte-Orian egiten ditugun emanaldiak, adibidez, publiko nagusiari zuzenduta daudenez, bachatak, pasodobleak, lerro dantzak, eta abar jotzen ditugu. Horiek dira beraiek espero dituztenak.
"Publikoarena araberako eskaintza egiten dugu"
Lasarteoriatar gisa, herrian aritzea berezia izango da, ezta?
Bai, gustatzen zait, bai. Oso urduri jartzen naiz, hori ere esan behar dut. Beti jartzen naiz, baina kirioak ez dira berdinak Asturiasen, adibidez, edo Lasarte-Orian. Ezagutzen ez nauten herrietan nolabait lasaiago egoten naiz, ezberdina da sentsazioa.
Zer topatuko du hilaren 28an emanaldira bertaratzen denak?
Gure ohiko emanaldietatik gutxi aldenduko den zerbait; rantxera, pasodoblea, merengea edo salsa dantzatzea gustuko duena bertara dadila. Horrez gain, 80. hamarkadako abestiren bat edo beste ere joko dugu. Dantzarako musika izango da. Ez dira faltako, adibidez, El Consorcio taldearen El chacachá del tren, edota Coyote Dax-en kantak. Negua igarotzen dugu udako emanaldietan eskainiko ditugun kantu entzunenekin pieza berriak lantzen, eta, gero, publikoak, betikoak eskatzen dizkigu.
Nagusientzako emanaldietan dantzalekuko izarra pasodoblea da; hori ukaezina da, baina edozein musika dantzatzen dute, betiere beraientzako egokituta. Rocka, adibidez, asko gustatzen zaie, Elvis, esaterako. Etengabe eskatzen digute, baita Juanes-en La camisa negra ere.
Aurtengo kontzertuak, gainera, berrikuntza bat dakar: ordutegi aldaketa.
Bai orain arte gauez eman izan ditugu kontzertuak sanpedroetan, baina, aurten lehen aldiz iluntzean izango da.
Euskal Herritik kanpoko jai eta ospakizunetan gaueko emanaldiez gain, kontzertuak bermutaren edo kafearen orduan egiteko ohitura dago, baita arratsalde-iluntzeetan ere. Gure inguruan gauak izan du protagonismo gehien, baina, badirudi badatorrela ordutegi berrien tendentzia hori. Niretzat ez da berrikuntza bat, hemendik kanpo askotan egin baititugu ordutegi horretan. Ikusi beharko da zein erantzun duen, jendea ez baitago horretara ohitua.
Elkarrizketa hasi aurretik aipatu duzu taldekideez ere mintzatu nahi zenuela.
Bai, uste dut merezi dutela. Piano jotzailea Txema da. 16 urterekin murgildu zen musikaren munduan, eta askotariko taldeetan aritu da. Pianoaz gain, gitarra eta saxofoia ere jotzen ditu, eta gure taldean berak konposatzen ditu kantak. Esperientzia handia du, eta oso kide ona da.
Raul da beste kideetako bat. Hemezortzi urte daramatzagu berarekin lanean, eta bera ere oso kide ona da, Abeslaria izateaz gain, gitarra eta perkusio instrumentuak ere jotzen ditu. Lau urterekin hasi zen musikaren munduan lehen urratsak ematen.
Denbora luze daramagu elkarrekin lanean, eta oso ondo moldatzen gara.