Argentina txapeldun geratu osteko hausnarrean, sinetsi ezinezkoa da hankaz gora dagoen herrialde batean garaipen bat zenbateraino ukendu den milioika lagunentzat. Futbola erlijio, Messi Mesiah berria. Eta juerga osteko ajea datorkienean, izango dute lana han hain estimatuak diren terapeutek. Terapiaren antza hartzen du loteriak ere. Urrunean umeen zenbaki eta diru kopuru hotsa entzuten ari naiz idazten. Mantra moduan. Hots hori, bertso finalean entzundakoekin nahasten ari zait. Gozamena beste behin ere. Zortzi artista, zortzi burmuin sorlanean eta 13.000 lagunen burmuinak sorlan horrekin gozatzen. Askoren burmuin umilak ez ginen ordea konforme geratu azken sailkapenarekin. Nik Alaia finalean sartu nuen Maialenekin batera, nire ezjakintasunetik ikusten denez. Nerea ere gorago. Lau beteranoenak lau lehenen artean. Sententzia errazegia nere ustez. Argentina-Frantzia partida izan balitz, VAR delakoa eskatuko nuke eta jakin zergatik ezarri zuten epaileek ezarri zuten sailkapena. Ariketa polita litzateke puntuazioen azalpena ematea ikus-entzuleoi, besterik ez bada ere batzuoi geratu zitzaigun sensazio arraroa soinetik kentzeko. Gainerakoan, zoragarri joan zen eguna, egoitza berri eta guzti. Eta elkarri irribarre konplizea egiteko modukoa da zenbaitzuri entzutea nola bere buruari galdetzen dioten: munduko futbol txapelketako finala izan eta 13.000 lagunek uko egin horri? Aska dezatela misterioa lau urte barru sarrera bat eskuratuta. Ez dago hori ulertzeko beste modurik. Ondo pasa egun hauek eta ondorengoak, noski.