Gutxitan eztabaidatzen da bere jaioterria utzi eta aukera berriak bilatzea erabakitzen dutenen nortasun-krisiaren inguruan. Inork ez ditu aipatzen kultura berri batera egokitzeko prozesu lazgarria, ingurune ezezagun batean adiskideak eraikitzeko erronka, lana lortzeko eta bizirik mantentzeko eguneroko borroka…
Herrialde arrotz batean bizi direnak buru-kolapso baten ertzean bizi dira beti. Etengabeko emozioen zurrunbilo batean bueltaka, herriminaren eta oraindik lortu dezaketenaren itxaropenaren artean balantzaka. Orain beraien etxebizitza izango den gizarte berrian aurre egin behar diote bakardadeari, bereizkeriari eta beraien balioa zalantzan jartzeari.
"Todo el mundo les llama negritos" izan zen honen inguruan hausnartzera eraman didan esaldia. Autobus batean nengoela hiru gazteren arteko hizketaldia entzun nuen, kalean karro bat daramatela saltzen doazen pertsonen inguruan eztabaidatuz. Momentu hartan konturatu nin tzen azalaren koloreagatik, azentuagatik edo nazionalitateagatik errotutako estereotipo eta aurreiritziez.
Askotan galdetzen diegu zergatik etorri diren, baina ez nola sentitzen diren. Etorkin bakoitzak istorio bakarra du, erronkez, sufrimenduz eta garaipenez beteriko bidaia. Inposatzen zaien "immigrante" etiketa baino askoz gehiago dira. Ametsak eta nahiak dituzten pertsona dira.
Beraz, "immigrante" batekin aurkitzen zaren hurrengoan, gelditu momentu bat eta begiratu etiketetatik haratago. Galdetu nola sentitzen den, entzun ezazu bere historia, ezagutu bere gizatasuna.