Inozentzia

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 22a, 07:45

Orain dela hilabete Yoko Ona podcastaren 4.denboraldiaren azken atala argitaratu zuten, Aiora Zulaika "Pirritx" bidelagun zutelarik. Hizketaldiaren ildoa inozentzia izan zen. Eta gai honetan murgildurik, galdera bat gelditu zitzaidan buruan: Helduok baimentzen ote diogu gure buruari ondo pasatzea? Helduok ba al dakigu jolasten?

Heldutasunera iristen goazen heinean, ardurek, konpromisoek eta buruhausteek haurrak gineneko inozentziari eta dibertsioari eusteko garrantzia ahaztera eramaten gaituzte. Eta zahartzen goazen bitartean inozentzia bazter batera uzteak zer ondorio dakartza gurera? Ez al da, bada, inozentziak gauza txikietan poza aurkitzeko bidea ematen diguna, inguruko munduarekin harritzeko aukera ematen diguna eta sormenaren eta jakin-minaren izpia bizirik mantentzeko aukera ematen diguna? Gizarteak bideratzen gaitu inozentzia galtzera, eta denborak aurrera egin ahala, harridura sentitzeko gaitasuna eta bizitzako gauza txikiez gozateko ahalmena atzean uzteko joera izan ohi dugu.

Inozentzia zaurgarritasunarekin lotu izan ohi dugu, eta inozo izateak ahula izatea esan nahi duela pentsatzen dugu. Heldu bat inozoa dela esaten dugunean, pertsona hori “infantila” dela pentsatzen dugu ere, xaloa izatea negatiboa edo txarra izango balitz bezala. Zergatik uste ohi dugu helduaroa serioa eta formala izan behar duela?

Inozentzia ez da ahula izatea, baizik eta bizitza beste begirada batez ikustea, gozatzea, mundua beste madu batera ulertzeko gaitasuna izatea. Heltzeak ez gaitu harritzeko eta dibertitzeko gaitasunari uko egitera bultzatu behar, baizik eta erantzukizunen eta bizitzaz gozatzearen arteko oreka aurkitzera eraman behar gaitu.

Helduaroan inozentzia mantentzea ez da egintza samurra, inguratzen gaituzten zailtasunei, mesfidantzei eta zinismoari aurre egin behar diegu. Agian gure haurra aurkitzeak gure benetako nortasunarekin loturik mantentzera laguntzen digu. Aukera eman behar diogu gure buruari lotsa kendu eta benetan nahi eta sentitzen duguna egitera.

Gizartearen itxaropenei aurre egiteko eta galdutako inozentzia besarkatzeko garaia dugu. Jolasteaz, barre egiteaz eta bizitzaz gozatu dezagun, haur batek egingo lukeen bezala, besteen iritziaz kezkatu gabe.