Hizkuntzaren baliagarritasuna bere horretan baloratzen dugu edo tarteka ez ote da neurrigabeko folklorismo hutsean geratzen? Kalean, egunerokoan ikusi ohi ditugu harro, euskaldun izaera duten gurasoak jo eta su gaztelaniaz. Irakasleak, eskola zein ikastoletan euskararen defendatzaile sutsuenak izan ohi direnak, lantokiko atea zeharkatu ostean ere modu berean jokatuaz, gutxi batzuk izango ote diren esperantzaz idazten dut hau. Nola ez, politikariak. Ustezko euskaltzale askoren eredu izatetik urrun, arnas gune izatetik, zingira gune bilakatuta.
Guztiok egunerokoan, gutxi asko, errutinetan errepikatzen ditugun jarrerak direlakoan. Konturatzen ote gara? Hausnartzen ote dugu honen harira? Jarrera hauek zein eragin daukate gugan eta ingurukoengan? Hortxe galdera.
Euskara ez den beste hizkuntza batetan jarduteak, nolabaiteko erakargarritasuna gehitzea edota estatus desberdin batean egotea dakarren galderari erantzun bila... Erantzuna ez da atsegina eta baiezkoa da; noiz gaindituko ote dugu? Laneko bileran bat-batean pisuzko gaietaz hitz egiten denetan, lagunartean osasun gaien inguruan hitz egiterakoan edota instituzio baten aurrean erreklamazio bat jarri behar dugunean, gaztelaniaz egiteak ematen digun segurtasun faltsu hori kasu, jasoko duenak ulertuko ez duenaren sentsazioarekin; hobe ziurtatzea. Azken egoera hauek bizi ditugu, egunerokoan ikusten ditugu; zoritxarrez egunero burutzen ditugu.
Zutabearen izenburua adibide moduan jar daiteke. Ingelesez jartzeak eta telesail ezagun baten izenburua izateak, ziur bat baino gehiago erakarri duela lerro hauek irakurtzera. Gerora, idatzi honen muina edota mamia irakurri ostean, etsipena sentitu izan duten berak izango dira. BEC edota BCC bezalako sigla arrotzak erabiliz kontent sentitzen diren horiek bezala, produktua internazionalizatze aldera. Erakustazoka batek edota ikastetxe gastronomikoek glamourretik gehiago izan behar dutelakoan izendatzen ditugun hizkuntzaren arabera.
Badira ordea, gure hizkuntzaren eguneroko baliozkotzearen eta defentsaren alde tarteka ageri diren argi izpi lausoak, izar iheskorrak esango nuke. Hausnarketa sustatzera eta ekintzetara jotzera bultzatzen gaituzten uharte txikiak.
Saudi Arabian azken egunotan jokatu den Espainiako futbol Superkopa zentzugabe eta kontraesankor horren harira, jazo zaigunari buruz ari naiz. Atzerrian, giza eskubideak errespetatzen ez diren herrialde batetan, egindako aldarri eta duintasun ariketa azpimarratu nahiko nuke. Jagoba Arrasatek, C.A. Osasunako entrenatzaileak, gure hizkuntza eskubideen aldeko ariketa ederra egin du prentsa aretoan mundu osoko komunikabide andanaren aurrean egonda, gurea erabiliz, Euskal Herriko kazetari batek gaztelaniaz galdera egin ostean, berak hizkuntzen funtzio nagusia azpimarratuz eta gurea defendatuz erakutsi digu, hizkuntzak tresna izateaz haratago gure izaeraren eta izateko modu baten erakusle ere badirela lekua eta momentua direnak izanda ere; nola? Euskara erabiliz. Bi euskal hiztunen artean euskara lehenetsiz komunikazio bide amankomun bezala.
Nafarroan, bitartean, hizkuntza, inposaketa eta oztopo gisara ikusten ari dira batzuk euskara. Milaka kilometrotara gurea babesten beste batzuk eta mila kilometro hegoaldera eginez gero, Cadizen inauterietako konpartsa bat gure hizkuntzaren aberastasunen inguruan kantuan, katalana eta galizierarekin batera.
Urrun egiten direnak, gugandik datozenak eta besteengandik jasotakoak beti izango dira bozgorailu onak baina erraietatik heltzeko gurean, gureari egiten diogun gutxiespena gelditzea ezinbestekoa da. Hauek bai gure Stranger things-ak, gure gauzatxo arraroak. Kanpoan etxean baino baloratuago eta ez harro ez gaudelako, ez gurea sentitzen ez dugulako. Erabiltzen ez dugulako baizik. Etsai nahikoak ditugu zoritxarrez euskararen normalkuntzaren bide zail honetan. Ez ditzagun guk oztopo berriak gehitu eta saia gaitezen erabilera urriko uharteak, penintsula emankor bihurtzen. Izar iheskorrak, iraunkorrak izan daitezen saiatuz ereduak sendotu eta gazteenganako ereduak finkatuz.
Gure hizkuntzarekiko harrotasuna, ibilian, erabiliaz erakutsi beharrean gaudela iruditzen zait.
Jalgi hadi mundura bai, baina lehenengo jalgi hadi plazara eta bereziki euskal hiztunon ahoetara, mihietara; hitzetara.