Lehenik eta behin, uste dut oso garrantzitsua dela gogoraraztea giza natura nolakoa den, alegia, gu guztiok zer garen aipatzea, sakonera joatea. Gizakia, izan gizon edo emakumea, izaki soziala da naturaz. Alegia, gizakiak elkarrekintza soziala behar du bizirauteko, modu naturalean hazteko, munduarekin harremantzeko, ikasteko, sortzeko, ez sufritzeko... Beste modu batera esanda, gizakiaren berezko dimentsio sozial horretan zaintza oso presente dago, zaintzarik gabe ezin garelako ongi harremandu, behar bezala garatu, geure buruaz arduratu, gure beharrak asetu, zoriontsuak izan... Gizakiak izateko, beraz, zainduak izan behar dugu lehenik. Halaber, gizaki garela sentitzeko, hots, gizatasunaren esperientzia hori gure baitan bizitzeko, besteak ere zaindu behar ditugu, gizatasunari jarraitasuna zaintzak ematen baitio. Gauzak honela, zaintzarik ezean, gizakiarik ez dago, zaintzaren bitartez gizakiaren dimentsio soziala esanahi eta edukiz blaitzen baita. Hortaz, soziala izateak, komunikatzaile ona edo lagunkoia izatearen klitxetatik haratago, zaintzailea izatea barne hartzen du halabeharrez.
Ideia honekin ados bagaude, hau da, zaintza giza naturaren parte dela onartzen badugu, honako galdera hau egin beharko genioke geure buruari: Gizakia izan nahi al dut? Eta ez zait galdera batere inozoa iruditzen zaintzaren noziotik zearo aldendu den gizarte zoro honi begira jarrita. Benetan diot, gizakia izan nahi al dut? Ziur aski inork ez du galdera hau konszienteki egingo eta harriturik erantzungo lidake “ez al naiz iada gizakia ala?” “akaso zaldia al naiz eta oraindik ez naiz ohartu?”. Gizakiaren itxura izatetik gizakia izatera sekulako aldea dagoela erantzungo nioke nik.
Izan ere, gizakia izatea inoiz amaitzen ez den bide luze eta korapilatsua da. Bob Dylanek esango lukeen moduan How many roads must a man walk down before you call him a man? Gizon izatera heltzeko gizon batek ibili behar dituen bideak zenbat diren galdera airera bota arren, erantzuna ez digu haizeak ekarriko. Erantzuna orain, zaintza zer den ahaztu dugun gizonok eman beharko dugu. Eta bai, iruditzen zait gizonoi dagokigula orain zaintzarekiko gogoeta sakon hau egitea. Noiz, nola eta zergatik ahaztu dugu berezkoa zaigun ezaugarri hau? Mundu mailan zaintzarekiko dagoen gabezia hau konsziente egiteko gai izango al gara? Modu indibidualean erabakiak hartu eta gu geu eraldatzeko prest al gaude?
Humanitateak mundu honetan aurrera egingo badu gizonaren arketipo zaharra suntsitzea besterik ez zaigu geratzen. Inor ez zaintzea pribilegiotzat dutenen patu tragikoari amaiera eman beharrean gaude. Azken buruan, gizartea elkar zaintzen duten gizakien harreman sare bat dela barneratu ezean ez da mundu honetan ez gizon ez emakumerik izango.