Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek adierazi zuen "ezinbestekoa" dela herritarren bultzada, baina, era berean, ez dela "aski", euskararen aldeko politika publiko sendoagoak indarrean jartzea "beharrezkoa" delako. Korrikaren koordinatzaile izan den Ane Elordik, berriz, balioan jarri zuen euskararen aldeko lasterketa horrek eragindakoa: "Harro zabaldu dugu lau haizetara ekosistema bat eraiki behar dugula; etorkizun hobea eraikitzeko adostasun zabala dugu". Azkenik, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Irati Iciarrek "gizarte aktibazioan" jarri zuen fokua: "Ezinbestekoa da hori Euskal Herri luze zabalean euskaraz hitz egin eta bizitzeko aukerak nahiz baldintzak biderkatzeko".
Euskaraldiaren hazia, Lasarte-Orian
Euskal Herri osoan loratu den Euskaraldiaren hazia Lasarte-Orian jarri zuten, 2016. urtean. 9. Euskararen Maratoia egin zuten orduan, Irten armairutik! lelopean, eta baita Baietz 40 egun euskaraz erronka linguistikoa ere. Bertan erabili zituzten aurrenekoz Ahobizi eta Belarriprest rolak.