Amaitu da Maratoialdia, bukatu da Euskaraldia

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 2a, 20:14

Aitortzea ezegokia izan badaiteke ere, oraindik ere fase eta jarduerak nahasten dituen batek idazten ditu lerrook. Urriaren 22an ekin zion Lasarte-Oriak Maratoiari edo Maratoialdiaren Sentitu faseari, luzaroan gogoratzeko 42 ordurekin, eta gaur iluntzean esan dio agur Euskaldiari edo Eta ekin... faseari kultur etxean egindako ekitaldi xumean. Izenak izana baldintzatuko duela iritziko du batek baino gehiagok, eta bere garrantzia ezin zaio ukatu, baina biek hala biek oinarri duten euskararekiko atxikimendua eta erabileraren aldeko jarrera sustatzeko helburua lortu dute.

Zortzikoteak gidatu du agurreko saioa, nahiz eta gaur seikotea esatea egokiago izan, Joxe Mari Agirretxe eta Maitane Eizmendi falta baitziren. Maratoian sentitu, Guruketetan prestatu eta Euskaraldian ekin. Eszenarion eserita ikusi dute laburpen bideoa seiek eta bertaratutakoekin batera gogoratu dituzte bizitakoak. Begien aurretik pasatu dira azken bi hilabetetako hamaika une, ekimen, besarkada, barre eta nola ez, dantza. Hamar-hamabi minutuko laburpen bideo horrez gain, 10. Maratoiari buruzko beste luzeago bat prestatzen ari da Isa Fernandez, udaberri alderako prest egotea aurreikusten dute.

Lasarte-Orian euskaraz bizitzeko hartutako erronkei buruz galdetu die Jagoba Mendizabalek bertaratutakoei eta Maitane Rebek kontatu du berea: Aurreko Euskaraldiko erronka familiarra izan zen, bi gurasoak euskaldun berriak baititu eta etxean gaztelaniaz hitz egiten zuten; orain, berriz, askotan euskaraz. Aurtengo erronka esanguratsuena, aisia arloan dena euskaraz egitea zuen; eta saxofoi taldeko bi belarriprestekin erdaraz beharrean entseguetan euskaraz egiten hasi da.

Bigarren lekukotza Oriarteko Euskara Batzordeko kideena izan da. Adin kontuengatik Euskaraldian parte hartu ezin zutenez, institutu barruan beraien adineko ikasleentzat Euskaraldia propioa antolatu dute. Aurrera eramandako ekimenen artean, gaur, azken eguna izanda eta Euskararen Egunaren bezpera, Mihiluze lehiaketan egiten diren frogen antzekoa egin dituzte. Faseka joan dira, geletako taldeak kanporatzen, finaleko probara iritsi arte. Berezko txapak ere egin dituzte, izena eman zuten 300 bat ahobizi eta belarriprestentzat.

GuruBuruak izan ziren Euskaraldiaren/Eta ekin... fasearen hasierako gidariak, eta amaieran ere tartetxo bat izan dute. Maratoian Askatasuna parkean landatutako bi zuhaitzen ondoan egindako bideoan, hain zuzen ere. Bi landareen esanahia azaldu dute, Aitortza, euskararen alde egin dutenen eta joan direnei eskertzeko, eta Itxaropena, haurrek landatua, etorkizunera begirakoa; eta aurreratu dutenez lehiaketa bat egingo dute horien gainean. 

Urratutako bidea gainbegiratuta, lorpenak ospatzeko unea heldu da. Horretarako, eserlekuetatik altxa, eta zortzikoteko kideekin batera dantza egin dute. Saioa amaituta, Ttakuneneara joan dira askaria jatera, aurrez, ordea, gogorarazi dute erronka handiena bihar hasten dela: euskaraz bizitzen jarraitzea.