Armairutik kanpo dira jada Lasarte-Oriako Ahobizi eta Belarriprest guztiak. Gaur eguerdian egindako, Atera gera! ekitaldi ederrarekin amaitu dute berrogei eguneko erronka ausarta. Goizeko hamaika eta erdietan eman diote hasiera ekitaldiari txalaparta doinuek. Ordurako, Ahobizi guztiak erronkan parte hartzearen eta egindako lanaren aitortza gisa, diploma eta txapak jasotzen aritu dira herriko plazan jarritako sei postuetan. Bitartean, Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari den Tomas Arrizabalagak eta Udaleko Euskara Batzordeko lehendakari Jon Antxordokik hartu dute hitza agertokian. Egindakoarekin poza, harrotasuna eta esker hitzak izan dituzte biek.
Bisita berezia izan da Lasarte-Orian orduan; Donald Trump agertu da jendartetik, baina ez edonola; palmondo bat ekarri du plazara eta oholtza gainera igota, Okendoko palmondoa berreskuratzeko aldarria egin du bertan bildutako herritarrekin batera.
Ondoren, zortzikoteko kideek gidatuta, plazako agertokira igo dira, txandaz-txanda, Ahobizi guztiak. Horrela, sei txandatako testigantzak entzun eta dantza saio ugari egin dituzte bertaratutako ikusleekin batera. Aurreskua, 'Txupi-txupi', 'Epo ita ita ye'. 'Bero-bero' eta 'Ahoa bizi, belarriak prest' abestien erritmora astindu dituzte gorputzak.
Erronkaren lehen balorazioa
Ahobizien testigantzak entzun eta dantza egin ostean, Pello Jauregi EHUko irakasle eta ikerlariak hartu du hitza, eta erronkaren lehen balorazio positiboa ezagutu ahal izan da. Eguerdiko ekitaldian aurreratu duenez, erronka 'mundiala' izan da; guztira, 1927 Belarriprest eta 957 Ahobizi bildu dira. Hori horrela izanik, parte-hartzea 'ikaragarria' izan dela azaldu du. Ahobizi horietatik, ia 500 lagunek parte hartu dute aktiboki sei asteetan zehar, eta horien guztien datuak eta testigantzak gainbegiratuta, honako datua eman aurreratu du ikerlariak; erronkari heldu aurretik, %47 aritu dela euskaraz eta erronkaren ostean berriz, %72ak lortu duela euskara hutsean harremantzea. Gauzak horrela, denbora tarte laburrean emandako gorakada agerian utzi zuen Pello Jauregik. Datozen egunetan azterketa sakona egin eta datu gehiago jakin ahal izango dira.
Armairua Jalguneko lagunentzat
Erronkaren lehen datuak jasota, erronkan parte hartu duten Belarriprestak deitu dituzte oholtzara eta hauek ere oroigarria jaso dute. Jarraian, Jalguneko kideak izan dira protagonista, plazako agertokian. Hogeita bost urteko ibilbidea du Jalgunek, eta urte horietan guztietan egindako lanaren aitortza gisa, aurtengo 9. Euskararen Maratoiko ezinbesteko irudi eta objektu izan den armairua oparitu dio zortzikoteak Jalguneri.
Argazki zerutiarra
Oholtzako ekintzak amaituta, argazki erraldoia ateratzeko asmoz, Okendo plaza erdian elkartu dira bertaratutako herritar, Ahobizi, Belarriprest eta antolatzaileak. Horretarako, oihal erraldoia zabaldu eta armairutik atera direla irudikatu dute guztiek elkarrekin. Koloretako apaingarriak aireratu eta argazki erraldoia atera dute.
Gaurko ekitaldiari amaiera emateko, Zortzikoteko kideak oholtza gainera bueltatu eta Safri Duo dantza eginaz agurtu dute aurtengo 40 eguneko erronka ausarta.
Erronka amaierako ekitaldian bildutako argazkiak eta bideoak hemen.