Eguberriak bai edo ez eztabaidan gehiegi sartu gabe, badaude jai hauek benetan maite dituztenak, edo alderantziz, batere gustatzen ez zaizkienak. Ni gabonen zalea naizela aitortu behar dut, nahiz eta behin Urte Zahar Gaua pasata, punch-a galtzen duten.
Urteak aurrera joan diren heinean, ordea, gabonak pribilegiatu bat naizelako gustatzen zaizkidala konturatu naiz. Pribilegiatu bat, hasteko, norekin, non, nola eta zer ospatu izan dudalako. Eta, bestetik, ez didatelako orain arte buruhauste gehiegi eragin. Orain arte beti gonbidatu gisa joan naiz besteen etxera; beraz, kezka handirik gabe ibili naiz, zentzu horretan.
Baina gabonen prestaketa aste askotara luzatzen da zenbait etxetan. Uda amaitzearekin batera, izpiritua ate joka hasten da zenbait burutan, eta otarrainxkak prezio onean ikusiz gero, izozkailura. Menua ere pentsatu beharko, guztien gustuak errespetatuz… Etxea txukundu, baxera polita atera, mahai-zapiak nahiz mantelak garbitu eta lisatu, kopak distiratu utzi, bezperan janarien lehenengo fasea martxan jarri... Dena pare bat ordutan garbi uzteko. Beno, garbi… norbaitek utzi arte.
Lan hori guztia norbaitek egin du, eta norbait horrek emakume aurpegia du: gure amak, amonak, izebak, ahizpak edo arrebak. Hona hemen nire eskerrik beroena egin duzuen lan guztiarengatik. Ez zaizue iruditzen, ordea, hitzak alde batera utzi, eta, behingoz, buruhausteen lekukoa pribilegiodun horiei pasatzeko garaia badela, gabonez denek gozatu ahal izateko?