34 urte igaro dira ordutik. Zenbat euri egingo ote zuen harrezkero, baina Euskal Herrian euria goitik behera erortzen den bezala, Palestinan bonbak eta lehergailuak erortzen dira. Hemen, euriak mendiak, basoak, hiriak eta kaleak bustitzen ditu. Ibaiak eta putzuak sortzen ditu, airea garbitu, usain berezia nabarmendu, kimu berriak erne eta hazten lagundu, kolorez janzten du gure bizitza. Han, berriz, bonbek hiriak eta herriak txikitzen dituzte, ospitaleak eta eskolak suntsitzen, zubiak eta kaleak eraisten, etxeak eta lantegiak birrintzen.
Berdin du zibil edo miliziano, zahar edo gazte, haur edo emakume, bizitzak ez du deus balio, ez bizitzak ez ezerk, eraikitako guztia desegitea da helburu, izan familia, erakunde edo lagunarte, eta ahal bada, bizitza berririk sortzeko aukerarik txikiena ere zanpatu. Batzuen mendeku eta gorroto goseak besteen askatasun egarriak itotzen ditu.
Neskatxa hura imajina nezakeen, gure herriko edozein haur bezala, euriak sorturiko putzuetan plisti-plasta jolasten. Imajina nezakeen ere etorkizuna eraiki nahirik unibertsitatean ikasketak burutzen, eta amaitzean Gazako ospitalean emagin lanetan bizi berriei laguntzen. Imajina nezakeen familia bat eraiki eta Palestina aske baten etorkizun oparo batekin amesten.
Baina gaur, telebista piztu eta albistegietan Gaza ikusi dut, edo Gaza izan zenekoa, ez ibai, ez putzu, usaina kirats eta giroa lauso. Burdina, harria eta hautsa, hondakina hondakinaren gainean, kolorea galdu arte suntsitua.