Lasarte-Oria

Maitane Rebe Igartua 2023ko aza. 10a, 07:30

Gurasoek betidanik erakutsi didate gure herriarekin eta gure tradizioekin lotura izatea garrantzizkoa dela, eta horrek herriko hainbat elkarte eta eragileren parte izatera eraman nau.

Onartu beharra daukat ez dudala lotura handirik kirolarekin, baina aita korrikalaria izan da gaztetatik. Orain dela urtebete Lasarte-Oria Bai! Herriko Krosa zela eta, aita omendu zuten. Eta nik ere nire hondar aletxoa jartzeko aukera izan nuen. Aitari aurrez aurre aurreskua dantzatzea, eta bere 1 zenbakidun dortsala soinean korrika egitea oso berezia izan zen.

Amak berriz, euskal tradizioarekiko dudan eta dugun harremana erakutsi dit. Umetatik ama izan da egunez egun ispiluaren aurrean nire oinak eta eskuak mugitzen dantzarazi didana, eta gaur egun, biok elkarrekin jarraitzen dugu euskal dantzari txikiak plazaratzen. Ez nuen aitona ezagutzeko aukerarik izan, baina etxeko apaletan dauden liburuetan askotan izan dut bera ezagutzeko aukera. Aitona Sorgin Dantzako dantzari izan zen, eta egun hain errotua dagoen dantza honetako partaide izatea ere berezia da.

Txiki-txikitatik geldi ez egotea izan da nire izana, eta horrek nire aisialdiko denbora herriko talde desberdineei eskaintzera bultzatu nau. Kasu batzuetan ere, bertako langile izatea suertatu zait, eta benetan pozgarria dela herriarentzat lan egitea. Ttakun Kultur Elkartea, Erketz Dantza Taldea, Alboka Txiki Abesbatza, Udal Musika Eskola, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskola, Santa Ana, Santo Tomas, Euskal Inauteriak, Oaintxe In Deu txaranga… izan dira urte luzez nire bidelagun.

Lasarteoriatarra izateaz harro nago, eta baita herriak herriarentzat egiten duenaz ere. Beti pentsatu ohi izan dut oso herri “aktiboa” dela gure herria, eta bidean milaka oztopo aurkitzen ditugun arren, horren gainetik aurrera jarraitzeko indarra dugula. Eta oztopoak aipatzen ditudanean, Lasarte-Oriako Udalaz hitz egiten ari naiz.

Lehenik eta behin, gaizki ulerturik egon ez dadin, idatzi hau nik idatzi dudala eta nire izenean ari naizela argitu nahi dut, eta ez aurretik aipatzen diren pertsonen zein elkarteen izenean. 

Udalaren jarrera amorragarria, ulergaitza eta lotsagarria dela pentsatu dut beti. Herriak herriarentzat zer edo zer antolatu nahi dugun momentuan, gogo eta indar guztiak izan arren, udalarekin topo egitean hesiak besterik ez ditugu aurkitzen. Benetan nekagarria dela Lasarte-Oriako udalarekin lan egiten saiatzea, elkarrekin lan egin beharrean, zentzurik gabeko gerra batean sartzen baikara.

Baina entzun, lasarteoriatarrok borrokan jarraitzeko indarra dugu, eta guzti honen gainetik, aurrera egiten jarraituko dugu. 

Erlazionatuak

Ez da desira kontua, botere kontua baizik

Txintxarri Aldizkaria 2023 ira 08 Euskara