Oso bortitza izaten ari da azkenaldian Palestina aldean gertatzen ari dena. Aurretiaz Ukraina eta Errusiarena izan genituen lehen planoan. Orain modaz pasa den jostailu bat bihurtu da azken hau, berri zahar bat, zaharrak berri esaerari ihes egiten dion albiste urruna lez. Bakoitzak izan ditzakeen iritzi eta sentimenduetatik haratago, gai hauek jorratzeko, ulertzeko eta bereziki kontsumitzeko daukagun hoztasunak kezkatzen nau. Gertu bizi izan ditugu armak gure herrian. Egoera latzak bizi izan ditugu azken hamarkadetan Europa zaharrean ere. Nolabaiteko gure ingurune informatiboan armak naturalizatuta izan ditugun generazioa izan gara. Etxekoetaz gain, Balkanetakoak, Irakekoak, Txetxeniakoak, Eritrea eta Etiopiakoak, Kongokoak etab. luze batek, eguna joan eguna etorri gure etxeetako soinu eta irudi bilduma eratu dute urteetan zehar gure burmuinetan. Intsentsibilizazio kezkagarri batetara eraman gaituzten arte. Ohikoa izatera iritsi dira milaka eta milaka hildako gure pantailetan ikusi, irentsi eta tonu beretsuan Hollywoodeko artista baten heriotzaren berri ematera pasatzea. Izan telebistan, irratian edo sare sozial gordinetara iritsi arte. Mugikorreko pantailan hatzarekin behera egitea besterik ez da behar, hanburgesa iragarki bat eta errealaren igandeko garaipenaren artean, 30 haur Palestinar hilda ikusteko, berria edo informazioa bera, formatu, idazkera eta irudi aurkezpen berarekin. Beldurgarria.
Kezkagarri. Urrunekoa gure egiteko garaia badelakoan nago bereziki gudak, armak, heriotzak, sufrimendua eta azken batean pertsonak tartean daudenean; joko zelai hau ez da gizatiarra. Ezin dugu horrela jarraitu. Genozidioak, gudak eta hilketak jatetxe batean entsalada baten moduan kontsumitzen edota best-seller baten azken orrialdea pasatuko bagenu bezala jokatzen. Hurrengoa noiz helduko, hurrengoa noiz biziko. Zoritxarrez gaixorik dagoen mundu honen ondorioz, askok eta askok bizi ezingo duten horri bizkar emanda jarraitzen dugu.
NAHIKOA DA.