Gauzak honela, aipatu berri dudan azken gai hau da gaurkoan azpimarratzea eta garatzea gustatuko litzaidakeena: heriotzaren onarpenaren gaia. Iruditzen zait, beste gai askorekin gertatu ohi zaigun bezala, teorian gauza nahiko sinplea dirudiena konplikatzera jotzen dugula, arrazoi ugarirengatik, noski. Honela, egiten dugun lehen akatsa, eta agian garrantzitsuena, heriotzaz ez hitz egitearena da. Denok hilko garela jakin badakigun arren, hilko ez bagina bezala bizi gara, gauza bat jakitea ez baita gauza bat onartzearen pareko. Heriotzaz ez hitz egiterakoan, gure hezur haragizko gorputz horren hilkortasuna ukatzen dugu eta azken une hori heltzen denean sufrimendua areagotzen. Zer esanik ez dago heriotza bat-batean heltzen den gertuko kasu horietan. Zein zaila den edonorentzat galera hori onartu eta barneratzea. Baina, pixka bat gogoetatuz gero, ez al du heriotzaz ez hitz egiteak berak heriotza bat-bateko bihurtzen? Ez al gara ba denok hilko? Ai... data kontua izango da... goizegi, beranduegi... heriotza ona, heriotza txarra... buruaren bakarrizketa amaigabea...
9 urte nituen 10 urte zituen nire lehengusua zendu zenean. Hau izan zen heriotzarekin izan nuen gertuko lehen harremana. Aitaren kasuan gertatu bezala, gaixotasun luze baten ondorioz etorri zen azken une hori. Ez zen bat-batekoa izan. Goiztiarregia, hori bai. Gertakizun honek agerian utzi dit gerora onarpenaren bidean trabak jartzen dituen beste gai bat: azken une horietan presente ez egotearena, hain zuzen. Txikiegia nintzelako ez ninduten lehengusua hilzorian zenean haren ondora eraman, ez nuen agurtu, ez nuen gorpua ikusi eta ozta-ozta joan nintzen hiletara. Ulertzen eta onartzen dut hau zergatik gertatu zen gertatu zen bezala. Baina, gaur hau konpartitzeak beste zentzu bat hartzen du: heriotza gertutik bizi behar dugula gogoratzea, alegia, gertatzen eta mugitzen den guzti hori arnastea, une horietan presente egotea, familia eta lagunekin konpartitzea, gorpuarekin eta aldi berean gure hilkortasun horrekin konektatzea...
Azken buruan, hildakoaren espirituari beste mundura igarotzen laguntzea heriotza onartzeko beste puntu funtsezko bat da. Gure presentziarekin, edo heriotzaren kanalizazio eta erritualizazioarekin nahiago bada, hildakoari trantsizio hori egitea errazten diogu. Hortaz, heriotza onartzeko prozesu honetan, joaten ari denari konpainia eta presentzia espiritual hori eskaintzea ezinbestekoa da, hark ere bere heriotza hobeto onar dezan. Espirituaren kontu hauetan sinesten ez dutenak ugariegiak diren arren, sinesmen kontu bat izateaz haratago, diodan hau gertakizun bat dela garbi utzi nahi dut, beste plano batean gertatzen den arren, kontuan hartu beharrekoa dena. Bizitzaren ikasketak etenik ez duen bezala, heriotzaren ikasketak ere ez du etenik. Funtsean, ordea, bada sakoneko irakasgai bat: azken buruan bizitza eta heriotza gauza bera direla onartzea.