Egun hauetan basoko abenturazale eta esploratzailez lepo egon da herria eta baten batek ikerketak egiteko koadernoa ahaztuta utzi du. Hauxe idatzi du sardinari buruz: "Sardina, Sardina pilchardus izen zientifikoaz ere ezaguna, itsasoko espezie pelagiko txikien multzoko arrain bat da, heldua denean batez beste hogei zentimetro neurtzen dituena. Zilar kolorekoa du sabela, eta, bizkarraldea berriz, urdina".
Gaur arratsaldean ehortzi eta erre dutena nabarmen handiagoa zen eta kolore gehiago ere bazituen. Oria ibaitik edo beste nonbaitetik ekarri duten, auskalo. Kontua da iaz hasi zirela ia 200 urte dituen erritu bat (1851. urtean Murtziako ikasle talde batek aurrera eraman zuen lehenengoz sardinaren ehorzketa) berriro egiten herrian, inauterien egitaraua ixteko. Gauzak horrela, konpartsa batzuetako kideak eta beste zenbait herritar Okendo plazan elkartu dira, erdigunean barrena hileta egin eta enparantza horretara itzulita. Bertan, arrainari su eman eta negar egin dute, urtebete itxaron beharko dutelako berriz mozorrotu eta primeran pasatzeko.
Sardinaren ehorzketaren ostean, LOZET elkarteko kideek bi zezensuzko atera dituzte Kale Nagusira. Gaztetxoenek gogotik egin dute lasterka haien aurretik.