Inauterien oihana esploratzeko prest dute dena

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 6a, 10:25

Udal ordezkariak eta aurtengo inauterietan parte hartuko duten konpartsetako kideak, egitarauaren berri ematen Okendo plazan.

Lasarte-Oriako Udalak egitarau oparoa prestatu du inauteriak ospatzeko aurten parte hartuko duten sei konpartsekin eta beste zenbait eragilerekin elkarlanean, iazko "arrakastak" bultzatuta. Lehen ekimena kontzertu bufoa izango da, Udal Musika Eskolako ikasleek ostegunean egingo dutena, 19:00etatik aurrera. Eguraldi txarra egiten badu moldaketak egingo dituztela aurreratu dute antolatzaileek.

Inork oihaneko triburen baten erritu edo dantzarik ezagutzen badu eguraldi ona erakartzeko, has dadila egiten, astebururako aurreikuspena ez delako ona, larunbatekoa batez ere. Edonola ere, festa giroa ez da faltako asteburuan zehar, eguraldi eguzkitsua ala euritsua izan, udalak egitarau oparoa antolatu duelako konpartsekin eta beste zenbait eragilerekin batera. "Jarduera gehienak berberak izango dira, iaz oso arrakastatsuak izan zirelako", azaldu du udaleko Jaiak departamentuko zinegotzi Txus Alonsok. Aurrekontua 20.000 eurokoa izan da.

Ospakizun egun nagusia, ohi bezala, larunbata izango da, goizetik hasi eta iluntzera artekoa. Jalgune, Intzak Parranda, Biyak Bat, La Tribu, Sasoeta Sasoian eta Tigres y Leones konpartsek parte hartuko dute aurtengo desfilean (17:15ean hasiko da, aurreko urteetan baino geroxeago) eta ibilbide luzeagoa (Okendo-Zumaburu kalea-Kale Nagusia-Hipodromo etorbidea) ala motzagoa (Okendo-Largoenea kaleko biribilgunea-Osasun zentroa-Elizatze plaza) burutu beharko dute, egiten duen eguraldiaren arabera. Herritarrek aukera izango dute ekitaldi horretan parte hartzeko, antolatzaileek jarriko duten furgoneta ibiltariaren bidez.

Arratsaldeko jarduera nagusi horren aurretik egingo dute banakako nahiz taldekako mozorroen lehiaketa. Epaimahaiko kideak Aterpea merkatarien elkarteko kideak izango dira eta banatuko dituzten sariak, eragile horretako bazkide diren komertzioetan erabiltzeko erosketa bonuak. 

Iaz bezala, festa datorren asteko astelehen arratsaldean amaituko da, sardina ehortzi eta erreta. Frenetik konpainiak antolatuko du eta ibilbidea berbera izango da: Okendotik atera, ahaten eta Askatasunaren parkeak igaro eta plazara itzuli. 

Alonsok eskerrak eman dizkie egitaraua antolatzen eta ekimenak aurrera eramaten lagundu duten konpartsa eta eragile guztiei.

Aurtengo gaia, Oihana

Antolatzaileek herritar oro gonbidatu dute ekimenetan parte hartzera eta baita aurtengo gaiarekin bat egitera ere: Oihana izango da. 2011n ekin zioten inauteri tematikoak aurrera eramateari.

Egitaraua

Hilak 8, osteguna

  • 19:00etan, kontzertu bufoa aurrera eramango dute Udal Musika Eskolako ikasleek, kultur etxean.

Hilak 9, ostirala

  • 15:30etik aurrera, inauterietako festak egingo dituzte herriko ikastetxeek.
  • 17:30etik 19:15era, 9 eta 12 urte arteko gaztetxoentzako festa egingo dute Okendo atzealdeko karpan: mozorro jaia, DJa eta askaria.
  • 19:30etik 21:00etara, 12 eta 16 urte arteko gaztetxoentzako festa egingo dute Okendo atzealdeko karpan: mozorro jaia, DJa eta askaria.

Hilak 10, larunbata

  • 12:00etan, parte hartzaileak elkartzea, Okendon.
  • 12:30ean, konpartsak aurkeztuko dituzte, Okendon. Oaintxe in deu! txarangak girotuko du ekitaldia.
  • 13:45ean, mozorro lehiaketa herrikoiaren irabazleak iragarriko dituzte.
  • 14:30ean, herri bazkaria egingo dute, Okendo atzealdeko karpan.
  • 16:00etan, super bingoa, karpan.
  • 17:15ean, konpartsen desfilea abiatuko da eta baita kuadrillentzako furgoneta musikatua ere.
  • 20:00etan, Oaintxe in deu! txaranga herrian barrena ibiliko da.
  • 23:00etatik 02:00etara, disko jaia egingo dute karpan.

Hilak 11, igandea

  • 12:00etatik 13:30era, LOZET elkartearen erraldoi eta buruhandiak herrian barrena ibiliko dira, Oaintxe in deu! txarangarekin batera.
  • 18:00etan, DJ Nikoren emanaldia hasiko da, karpan. Adineko herritarrei zuzendutako jarduera da.

Hilak 12, astelehena

  • 11:00etatik 13:00etara, puzgarriak jarriko dituzte Loidibarrengo frontoian, 8 urte arteko haurrentzat.
  • 18:30ean, sardinaren ehorzketa hasiko da. Bukatu eta gero, bi zezensuzko ibiliko dira Kale Nagusian barrena.