Milaka kilometro egin ditut Lurra planetako toki eder, koloretsu, misteriotsu eta deigarrienak argazkitzeko. Horren ibilbide zabala duzunean motxilan, gauza gutxik edo batek ere ez zaituzte txunditzen. Ez dadila inor haserretu, baina, Lasarte-Oriako oihanari buruzko erreportajea ez zirudien nire bizitzako lana izango zenik. Kilometro karratu gutxi batzuk eta etxez beteta dagoen herri batek ez du natura argazkilari bati askorik eskaintzeko. Hala uste nuen, herria zapaldu nuen arte.
Harrigarria da zer-nolako espezie dibertsitatea dagoen: suge, lehoi, tigre, hegazti, intsektu... Gaur egungo kamerak digitalak izatea desabantaila ugari ditu eta xarma kendu dio argazkitze prozesuari, baina badu abantaila nabarmen bat: ez duzu aldiro-aldiro karretea aldatzen ibili behar eta aski da memoria dexenteko SD txartel bat izatea milaka argazki ateratzeko, atzo bezala. Eta egin gabe utzi nituenak...
Hizkuntza nagusia gaztelania da baina Lasarte-Oriako herritar ugari ahalegin nekaezina egiten ari dira horri buelta eman eta euskara gero eta entzunagoa izateko, tribu bateko kide batek argazkilari honi azaldu zionez. Hizkuntza hori da beraien artean komunikatzeko eta eguneroko bizitza egiteko erabiltzen dutena. Ez du antzik bestearekin, eta, ikastea zaila dela dirudien arren, borondate kontua dela kontatu du pertsona horrek.
Garagardo bat eskatu nahi baduzu, "kaña bat" esan behar diozu zerbitzariari. Atzo praktikan jarri nuen hori, iluntzean batez ere, eta oihan horretan parranda ederrak egiten dituztela berma dezaket. Gauari buruzko kronika beste baterako utziko dut...