Tribu basatien dantzek euria erakartzeko balio omen zuten, baina azken egunetan halakorik izan bada eguzkiari bertara zedin deitzeko izango zen. Karlotta borraskak, ordea, antizikloiz mozorrotzeko gogo gutxi zuen, antza, eta lurra bustiz hasi du goiza. Lasarteoriatarrak gogaituko zituela uste bazuen, ordea, ez zekien norekin ari zen. Astetan edo azken momentuan prestatutako jantziak soinean kalera irten, eta festarako grina beste behin erakutsi dute herritarrek. Inauteriak izanda, zer da euri pixka bat?
Arratsaldeko desfilean parte hartuko zuten konpartsak aurkeztu behar zituzten eguerdian Okendo plazan. Minutuak falta zirela euria gogotik ari zuen eta zabalguneko aterpeak gutxi ziren denak babesteko. Misiolariek eskatua, indigenek eragina edo naturak gauzatua, miraria izan da, ordea. Metereologo ausarten iragarpenarekin bat eginez, ateri egon da ia ekitaldi osoan zehar.
Sastraka bilakatutako aurkezleak banan bana deitu ditu oholtzara Jalgune, Tigres y Leones, Biyak Bat, Intzak Parranda, Sasoeta Sasoian eta La Tribu, ordu batzuk geroago kaleetan barrena aurrera eramango zutenaren erakustalditxoa egiteko. Tribuak, tigreak, lehoiak, sugeak... dantza, salto eta txalo egin dute denek agertokian. Talde bat jaitsi eta bestea prestatu bitartean, lanak egindakoek argazkia atera dute photocallean.
Masai epaile dotoreek zaila izan dute erabakia, horregatik, pentsatu bitartean, mozorro lehiaketetako partaideen txanda izan da. Banakakoa eta taldekoak aurkeztu dituzte, eta agertokia bete dutenean, sari banaketari ekin diote. Konpartsak lehenik: Alaiena, La Tribu; Jatorrena, Jalgune; Dantzariena, Biyak Bat; Originalena Tigres y Leones; Parrandazaleena, Sasoeta Sasoian eta Kreatiboena, Intzak Parranda. Azken honek jaso du zintzarria ere. Mozorroen saria, berriz, Gokuk eta animalia talde batek jaso du. Nahikoa izan ez dutenez, epaileek ere dantza egin nahi izan dute eta erabakitzen bezain ondo moldatzen dira horretan ere.
Plazan bildutakoek bertan dantzan jarraitzeko aukera izan dute edo oihanean murgiltzekoa. Denetariko pertsonaiekin topatzeko aukera izan dute: tximeletak, txori koloretsuak, enborra, ninfak, gorilak... Gertuagoko aukerak ere izan dira, esaterako, txorimaloa edo artaldedun artzaina, txakur eta guzti. Galduz gero, topatuko zuten esploratzaile talde ugari ibili dira han eta hemen, eta mapa eskatzeko Dora ere bazegoen. "Conquistatzaileak" ere eta haiek harrapatzeko moduko armiarma -sare eta guzti-.
Arratsaldeko saioaren aurretik, konpartsek karpan bazkaldu dute elkarrekin, baita Oaintxe In Deu! txarangako kideekin ere, eta denek bingora jokatzea izan dute bazkalostean. Saria Sasoeta Sasoian konpartsako Lucíak irabazi du. Jokoa amaituta, gutxika ateratzen joan dira plazara eta beroketa gisa, dantza egin dute.
Ordua heldu denean, Kale Nagusian zain zituzten karrozen atzen kokatu eta ibilbideari ekin diote. Intzak Parrandako safariak zabaldu du bidea eta ondotik etorri dira gainerakoak. Tigres y Leones eta Jalguneko lagunak izan dira azkenak, baina haien atzetik herritar ugari animatu da bere mozorroak erakustera. Irudimena aurten ere loratu da udaberria aurretik. Bidean gehientzen joan dira herritarrak, desfilearen amaieran, eta bereziki, kaleetako espaloietan.
Okendo plazara bueltan, nahikoa izan ez dutenez, gorputza mugitzen jarraitzeko aukera luzea izan dute denek. Kale Nagusian ere ez dira aspertu, Oaintxe In Deu txarangak girotu baititu tarte batean.