Naturak baditu denbora neurgailuak, egunsentitik iluntzerainokoa adibiderik argiena, baina gizakiak ordularia edo erlojua asmatu zuen, eta guztiok bizi gara horren menpe, izan eskumuturrean, izan patrikan ala izan elizako kanpandorrean.
Pentsa zein garrantzitsua den erlojua, non pertsona baten estatus maila nabarmendu dezakeen, edo luxuzko artikulu bat bilakatu daitekeen. Kontrakoa, berriz, erlojua iratzargailu bilakatzen bada, batzuentzat fobia edo mespretxuzko tramankulua izan daiteke, goizeroko amesgaizto izanik.
Erlojuak baldintzatzen digu bizimodua; goizean jaikitzeko, lanera joateko, otorduetarako, aisialdirako, ohera joateko… edozertarako. Egia da, oporretan gaudenean, erlojuaren menpekotasunetik at bizi garela diogula askotan, baina hori ere neurri batean izaten da, zeren eta nork ez du hegaldirik edo trenik hartu oporretan? Edo museo baten bisita orduak begiratu, edo jaialdi eta kontzerturen batena? Dena egiten da ordu jakin baten menpe.
Denbora neurtzen dugun momentutik luze edo motz egin daiteke. Minutu bat ur azpian itolarrian eternitate bat izan daiteke, minutu erdi bat Marokoko lurrikara erdian ere ez zitzaien motz egingo. Eta minutu erdi horrek bizitza alda diezazuke, askotan nahikoa da begien itxi-ireki bat zerutik infernura pasatzeko.
Jaio eta bizi gara, denbora luzez ala ez. Jaiolekuaren arabera, denbora tarte berean, zaharrago edo gazteago izango gara, eta horrek agian, denboran iraun, bizi edo aprobetxatzea ekar lezake.
Tik-tak, tik-tak orratzek hor dihardute. Erritmorik galdu gabe, moteldu gabe, nagitu gabe, etenik gabe, denborak beti aurrera. Gu gara oharkabean zahartzen ari garenak, eta betirako geldituko garenak.