Mozorro, pertsonaia eta istorio zirraragarri ugari plazaratu dituzte Sasoeta-Zumaburuko lagunek, Kalbario bidean dagoen ikastetxeko patioa bete duten guraso eta bestelako senideen aurrean. Emanaldi bakoitzaren ostean gogotik egin dute txalo, ikasle eta irakasleen lana saritzeko.
Planeta berriak esploratzera joandako astronautek ongi asko zekiten, nonbait bizitza topatuz gero, estralurtarrak Lasarte-Oriara gonbidatu behar zituztela, inauteri festa polit bat nolakoa den erakusteko. Gauzak horrela, espaziontzitik jaitsi dira denak patiora, dantza eta irri egitera. Nabaritu da espaziotik Lurra planetara itzultzeko bidaia luzea baliatu dutela koreografia entseatzeko.
Horren ostean, amalurraren lau erreinuak atera dira eszenatoki inprobisatura eta sekulako festa giroa jarri dute eta erakutsi indar gehiago dutela taldean, bakarka baino. Ondoren, ikasgelan ongi ikasitakoa erakutsi du beste talde batek, eta bizitzaren historia errepasatu, gainerako guztia eragin zuen Big Bang leherketa erraldoietik hasita.
Inauteri festa ez da horrenbestekoa pirata kuadrillaren bat ez gonbidatuz gero. Euren bizitza onena dela aldarrikatu dute eta patioa abordatu. Historian beste jauzi bat egin eta zibilizazio garrantzitsuenetako bateko kideak izan dira ikuskizuna plazaratzen hurrenak: egipziarrak. Eguraldi eguzkitsu eta beroagoetara ohituta badaude ere, ongi asko moldatu dira gaurko giro haizetsu eta freskoarekin. Pentsa, piramide bat eta guzti ekarri dute...
Bizitza, edozein formatakoa izanda ere, ezinezkoa litzateke urik gabe. Funtsezkoa den elementu horren zikloa errepasatu du ikasle talde batek. Amaitzeko, Ameriketatik etorritako indioen erritu eta janzkerak ezagutu dituzte Sasoeta-Zumaburuko inauteri festara bertaratutakoek.