Herria gaitzetatik libratzeko ituna berrituko dute txantxoekin, larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urt. 31a, 17:19

Hipodromo etorbideko zubitik abiatuko da txantxoen kalejira.

Euskal Inauteriak hartuko du Lasarte-Oria larunbat honetan, hilak 3. Lurra neguko lozorrotik esnatu, eta udaberriari ongi etorria ematera etorriko dira txantxoak, hartza eta bestelako mozorroak. 

Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatu dute egitaraua, elkarlanean, erakundeak eragilearekin duen Jaietako hitzarmenaren barruan. 17:30ean emango diote hasiera festari, Hipodromoko zubian; leku hori, noski, berariaz aukeratu dute antolatzaileek. Herriaren mugen erakusle, "herria ona eta bertakoa ez dena gaiztoa" dela irudikatzeko abiatuko dira bertatik. 17:45ean Hipodromo etorbidea hartu, eta kalejira egingo dute herrian barrena. Tajamar biribilgunera iritsi, eta handik, Ilargi taberna parera iritsita egingo dute lehen geldialdian. Dantza saio labur bat egin, eta Arkupe taberna ondoko biribilgunera joango dira parte hartzaileak. Bertan, bigarren geldialdia egingo dutela baliatuz, dantzan arituko dira, eta, handik, itzulerako bidea hartuko dute; Okendo plazan amaituko da desfilea. 

Itun ordaina eta dantza gehiago

Ohi bezala, senidetzea egingo dute, gero udaberrian "gaitzik ez, eta uzta ona" izatearen truke. 18:15ean hasiko da hori, eta, bertaratzen direnek entzungai bat ere entzun ahalko dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Dantzari ekingo diote berriro, konturatuko diren arte baten batek sinatutako hitzarmena ez duela bete: Kaxkamalok. Hortaz, zigor gisa, sutan erreko dute, 19:30ak aldera. Hori egin aurretik, bigarren entzungai bat aireratuko dute, eta, erretzearekin batera dantza egingo dute parte hartzaile guztiek, elkarrekin.

Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte txantxo jantzi eta ospakizunean parte hartzera. Eguraldi txarra egitekotan, ospakizuna Oriarte Landaberri institutura eramango dute.

Erlazionatuak

Ituna berritu, eta sutan erre dute Kaxkamalo

Txintxarri Aldizkaria 2023 ots 11 Kultura