Adimen artifiziala

Gorka Alvarez 2023ko mar. 24a, 07:30

Hezkuntza eta sarea, sarea eta hezkuntza. Informazioaren bilaketa, kudeaketa eta lanketa ezinbesteko gizarte tresna bihurtu dira azken  hamarkadetan. Pare bat hamarkada atzera botako bagenu begirada, Internet sareak hezkuntzan izan duen eragina izugarria izan dela ondorioztatuko genuke. Garai bateko entziklopedia lodiek, Encarta famatuari leku utzi zioten digitalizazio prozesu horretan. Ondoren, Google munstroak dena irentsi zuen arte. Ikasleek  informazio desberdinen inguruan egiten duten bilaketa, kudeaketa eta lanketa modua erabat aldatzeraino.

Klik batekin lortzen da informazioa. Informazio horren kudeaketa eta edukia bera askotan ez dira zuzenak izaten, sare globalak eskaintzen dizkigun bideak anitzak eta askotan ez oso fidagarriak izan ohi direlako eta lanketa egiterakoan ere, prozesuan bertan,  askotan interferentziek sinpletasunera eramaten dute edukia,  hausnarketa bera saihestuz, prozesu horretan ematen diren ulermen eta barneratze pausoak alboratuz; lanketa hori,  kopiatze prozedura azkar eta berehalako batetan bihurtuz.

Azken astean ordea, beste dimentsio batetan sartu naiz. Orain arte ezagutzen ez nuen tresna berri batekin. Banuen adimen artifizialaren berri eskala handiagoan  eta azken urteotan segapotoetan eskura ditugun aplikazio zein tresna desberdin batzuk ezagutzen nituen. Sagarraren markak oso ezagun egin duen Siri bera kasu.CHAT GPT delakoa ezagutu dut aste honetan eta erabat jokoz kanpo utzi nau.

Berria den orok sortzen duen kezka eta nolabaiteko beldurra sortu dizkit. Aldi berean, interesa eta nola ez kuriositate amaiezina.  Aste osoa igaro dut bere erraiak aztertzen, erabiltzaile ezjakin baten begiradatik. Hezkuntza ikuspuntutik burutu dut begirada hau.  Ikasleak prozedura jakin batzuetatik  urrunduko ote dituen pentsaraztera eraman nau. Jada ikasleen artean erabiltzen den tresna dela garbi izanda ere, dimentsio digital desberdin batean sartzen ari garenaren kolpea jaso dut azken egun hauetan. Beti aipatzen dugun aldaketa azkar horretatik haratago doana. Lan egiteko prozedurek hezkuntzan izan duten aldaketaren erritmoa biderkatzen duen abiadura handiko trenean sartu da digitalizazioa, eta trenbide horretan egoki joan ahal izateko, azkar egokitu beharko dira bideak. Azkar moldatu beharko dira gidariak. Bestela, bidaiarien beharrak asetzeko lain ez dugu izango, ez dugu emango. Horretan gabiltza.

Jarri naiz bada, erreminta horren nondik norakoetaz informatzen. Hasieran aipaturiko historiaurreko prozedura jarraikiz. Informazioaren bilaketa, kudeaketa eta lanketa horretan jo eta su. Ezjakintasunean murgilduta, galduta eta aldi berean konturatuta iritzi zutabe hauek  ere tresna horrek sortzeko aukera dagoela. Nork daki denbora gutxian gizakiaren iritziak ere makinenekin nahastuko ote ditugun edo jada nahasten ote ditugun.

Nork daki lerro hauek nik idatzirikoak ote diren.

Nork daki.

Erlazionatuak

Guk euskaraz, zuk zergatik ez

Txintxarri Aldizkaria 2023 urt 13 Euskara