Jatorrian harmonia zegoela sinesten dugunon arrastorik bada bederen gehiengo zabal baten buruan. Eta hau jendeak musikari dion estimu handian berresten da. Badirudi, artea, errituak eta konkretuki musika bezalako gizakiaren jardunak hari honen transmisioarekin jarraitzea ahalbidetu duela. Izan ere, musikaren hariak gogorarazten digu, nolabait, naturaren magalean solidifikatu den orden sozial honen gainetik (edo honen azpian) badela gizaki guztiak berdintzen eta naturari konektatzen gaituen harmonia bat. Zerbait bat.
Dena den, Zerbait hau ahaztu egiten dugun zerbait da, eta naturarekin bat egiten gaituen hori arriskuan ipintzen dugu egunero. Egunero egon behar dugu adi, bereizketaren indarra zein bere trikimailuak egunero jaikitzen direlako gu eta natura bereizteko asmoz. Honela, jatorrizko harmonia ahuldu egiten da eta norgehiagokak irabazten du. Batzuen interesak beste batzuen interesen aurka lerrokatzen dira. Irabazleak eta galtzaileak...
Bueno, etor nadin gaurkora, hauteskundeak izan berri diren astelehen post elektoral honetara. Parte hartzea Gipuzkoan ez da %50era iritsi (%48,51). Badirudi ez dugula solidifikatu den orden sozial honetan sinesten, ez parte hartzea alderdi bat balitz hark gobernatuko bailuke Gipuzkoa. Dena den, Lasarte-Orian herria antolatzeko udal sisteman sinesten dugula ematen du: %57,36 izan gara eta bozka eman dugunak.
Bereizketa, harmonia, hauteskundeak...Nola bateratzen da hau guztia? Nola uztartzen da bereizketa oinarri duen alderdien sistema politikoa jatorrizko harmonian sinesten dugun ni bezalako musikarion eta sortzaileon jardunarekin? Bi bide okurritzen zaizkit gutxienez:
Bat: ez parte hartzea eta sistema osoa ukatzea harmoniaren eta bizitzaren kontra doan sistema bereizle bat dela argudiatuz. Hau da, nire ustez, Gipuzkoak egin duen hautu nagusia. Bozkarik ez ematearena, hain zuzen. Errespetagarria, baina, alternatibarik eraiki ezean postura infantila izan daitekeena.
Bi: parte hartzea. Solidifikatu den alderdien sistema kontingente hau probisionalki onartuz. Jakinik gure eguneroko jarduna alderdien sistema politiko honen bitartez arautua eta legislatua dagoela. Eta arau eta lege hauek gure interesen kontra egon daitezkeenez, bizitzara eta harmoniara gerturatzen gaituzten arau eta legeak egingo dituzten agintariak aukeratuz. Alegia, botoa emanez. Hau izan da nire hautua, musika egiten jarraitzearekin batera.
Bukatzeko, azken bide bat aipatu nahiko nuke, herri honetako alkatea izan den Jesus Zaballosen hitzak berreskuratuz. Ez dakit gogoratuko zareten, baina, 2017an memoriaren plaza izan genuen Okendon, Gogora ekimenaren barruan. Bertan nintzen ni entzule Hernani, Urnieta eta Lasarte-Oriako alkateak hitz egiten ari zirenean. Gure alkate ohiak tonu erlaxatu batean solasaldiaren amaieran esan zituen hitzak gogora ekartzeko beharra sentitu dut, guztiz bat egiten baitut gaur beraiekin: "Ojalá llegue un día en el que no existan los partidos políticos".