Lau hilabete

Gorka Lasa 2023ko api. 21a, 07:30

Ez da hainbeste denbora pasa, lau hilabete besterik ez, nahiz eta batzuetan denbora hori eternitate bat iruditu, eta bestetan atzo goizean bailitzan igaro. 

Gogoan dut, oroitzapen lausoa izan arren, negua zela, hotz handirik ez, baina eguna motz eta gaua luze. Gabonetako ospakizunetan murgilduta, oporretako giroaz gozatzen. Urte zahar eguna zen, ilunduta jada, baina goiz oraindik etxeratzeke, afari aurreko poteoan gora eta behera kalez kale. Urte guztian ozta-ozta agurtzen duzunari ere muxuak emateko ohitura, nahiz eta ni ez izan horren zale. Afaltzeko ordua iritsi eta etxerantz bare, amak afaria prest, arrain zopa, legatz, turroi eta mahats ale.

Gabonetako betekadaren ondoren iritsi zen San Sebastian eguna. Gau magikoa, berezia eta hunkigarria. Kaleak bete jende, danborrak astinduz etengabe, konpainiak parez pare, hiria dardarka jarri arte.

Urtarrila amaitu bezain laster, otsaila dugu aurrez aurre, sartu eta berehala ditu Santak bere. Santa Agedako koplariak kantari atez ate, San Blasetako erroskila goxoak egiteko prestaturik su eta labe.

Hungariatik etorritako kaldereroak inauterien iragarle. Momo jainkosak hartu du hiria bere menpe eta kaleetan zehar dabiltza artzain eta inude.

Inauteri edo aratuste, zenbat mozorro eta desfile. Leitzan eta Lesakan ederrak, baina Tolosan paregabe. Martxoan sarturik jada, gaua mozten hasia eta eguna luzatzen, horrekin batera ordu aldaketa nozitzen.

Udaberria sartu da indarrez, lorez bete larre, loretan erle, sorotan bele. Euria ari du etengabe, erreketan ubidea xede, giroa da heze, belardiak berde, udaberria bete-bete.

Aste Santua behingoz, oporrak tarteko hartzeko atseden. Soilik bi aste, ez da asko baina ezer baino hobe.

Ez dira berriz itzuliko igarotako ordu, egun eta aste, pasa dira jada lau hilabete.

Denbora honetan zenbat naizen zahartu, bizitzaren errotan sartu, asmoak eta ametsak sortu, baina batez ere bizitzarekin ez zortu.

Erlazionatuak