Beti erakarri izan naute esparru hauek, argi eta garbi ikusten baitut sinesten den horren alde egiteko modu ekintzaile batean egin behar dela lan. Baina inoiz ez dut sentitu parte hartze aktiboa izateko nahikoa tarte izan dudanik. Errudun sentitu izan naiz, asumitu izan dut ezer gutxi eskaini dezakedala eta azkenean utzi.
Gaur egungo munduak badu likidotik asko. Konturatzerako dena badoa, guk uste baino bizkorrago, eta denboraren pertzepzioa ere aldatu da. Gauza guztietara iritsi nahi dugu, ahal bada gure ehuneko ehuna emanez bizitzako esparru guztietan. Eta hala ez bada, ez da.
Herrigintzak, militantziak, ekintza sozialek konpromisoa eskatzen dute ezinbestean. Erabat ados. Baina, askotan ezin diogu eskaini nahi beste denbora. Bizitzak hogeita lau ordu eskaintzen dizkigu egunean eta hogeita sei beharko genituzke erritmoa jarraitu ahal izateko. Iritsi nahiko genuke sinesten dugun guzti horren alde egitera, baina ez gara iristen. Eta askotan eman dezakegun hori nahikoa ez dela iritzita alde batera gelditzen gara.
Ni ere aritzen nintzen baina orain ezin dut bileretara joan eta, hiru urtez egon naiz taldean baina kanpora ikastera joan naiz eta, seme-alabekin gora eta behera nabil eta ezingo nioke denbora gehiegirik eskaini, ez dut lan ordutegi finkorik eta ezingo diot jarraipen etengabeko bat egin eta alde egiten dugu.
Gutxi hitz egiten da militantzia, lana eta zaintza arduren kontziliazioaz. Errealistak izanik, oso jende gutxi dago esparru hauei bere denboraren zati handi bat aktiboki eskaini ahal diotenak. Eta gehiengoa, gure haragitan bizi izan dugun presioa dela medio, uste dut bagarela horretaz kontziente.
Ez nabil konpromiso eskariaren kritikan. Zalantzarik gabe, konpromisoa hartzea beharrezkoa da helburu batzuk betetzea aurreikusten den unetik. Bakoitzaren pertzepzioaz ari natzaizue. Uste dut tradiziotik jaso dugun mezua izan dela "dena edo ezer ez" delako hori. Eta hori tatuatuta daukagula barruan, errudun sentitzeraino, konturatzeraino ez garela gai erdibideko zerbait bisualizatzeko.
Baina, agian, dena ez da zuria edo beltza. Agian, ezin izango duzu astero bileretara joan, baina, egiten diren ekintza ezberdinak iragartzeko kartelak diseinatzeaz arduratu zaitezke. Agian, ezingo diozu proiektuari etengabeko jarraipen bat egin, baina, prest egon zaitezke herriko elkarte ezberdinetara joateko horren berri ematera. Edo agerraldietako testuak idatzi ditzakezu etxetik, ala harreman sarea zabaltzeaz arduratu.
Askotan hobe da hamarreko talde handi batean bakoitzaren ekarpen txikiak baliatzea aurrera egiteko, topera egongo den hiruko talde baten gainean zama ezartzea baino. Hasi gaitezen pixkanaka gure pentsaera zurrunak aldatzen eta daukagun horrekin lan egiten nahiko genukeen hori alde batera utziz, mundua likidoa da eta.