Nire irakasle funtzio horretan ikasle sentitu izan naiz askotan, gauza asko ikasi eta desikasi ditut beraiekin, baina zerbait aipatu beharko banu, zera da: elkar zaintzea ezinbestekoa da norbanakoaren ahalduntzerako.
Prozesuak beti dira norberak egin beharrekoak, autozaintzak oinarrian beharko luke beti, baina, aurrera egitea, ausartzea, errazagoa da taldeak eusten bagaitu. Lasaitasun handiagoz agertzen gara zaurgarri, eta ez digu hainbesteko beldurrik ematen erortzeak, amildegira salto egiteak: Azpian sare bat dunak / jausteko beldurrik ez du. Hala bota zuen Labakak Gipuzkoako finalean.
Erraz antzeman daiteke gazte hauek sortu duten sarea, ohartzerako korapilatuta zaude zu ere. Plazer bat da ikustea nola zaintzen duten elkar gaztetxoek, nola eusten duten zenbat mimo, zenbat barre… Dena goxotasun, dena ahalduntze kolektibo; "zu apuntatzen bazara, ni ere bai"; "egingo dugu elkarrekin?"; "kriston bertsoa egin duzu, poto eta guzti!"; "ziur super ondo egingo duzula, bertsotan ona zara…". Horrelakoak aditzen dira asteazkenero institutuko gela handian. Entzuten, ikusten eta sentitzen diren keinuak dira, dagoeneko konfiantzazko giroa eraiki eta elkarren elikagai, elkarren bitamina bilakatu direnak. Aurten lehen aldiz eman dute izena eskolarteko txapelketan, poztu dira saio berean abestea egokitu zaielako, “lehiakideak” izango diren arren, elkar lasaitu eta erregulatzen laguntzeko kidea izango dutelako alboan, zaintza lehenetsi baitutute txapelketaren testuinguruan.
Nik gertukoen dudan adibidea jarri badut ere, seguru nago norbera badela bere buruan, eusten duen sare hori irudikatzeko gai: lagunak, familia, lankideak, klasekoak, kirol taldeko kideak…
Beraz, maitasuna zer den galdetuko balidate kolektiboki burutu daitekeen ekintzarik iraultzaileena eta ahalduntzaileena dela esango nuke. Pertsonalki zein taldean hazteko indarra.
Handitan zuek bezalakoa izan nahi dut. Guztiok zuek elkar zaintzen duzuen bezain ondo zainduko bagenu elkar, hobea izango litzake mundua.