Hauteskunde kanpaina betean gauden honetan, herriko bazterrak nahasi dituen aitortza jaso berri dugu. Jakina zen arren, dagoeneko inoiz publikoki onartzea espero ez zena. Nik neuk, nire adinagatik, ez dut modu kontzientean bizi izan garai hori. Gogoratzen dut, besterik gabe, zalaparta handia sortu zela irregulartasunak argitara atera zirenean, eta nolako txisteak eta txantxak egiten ziren egoera arintzeko. Eta herritar gisa berria nola hartu dudan esan behar badut, positiboki baloratzen dut emandako pausua, zauria itxi eta beste etapa berri baterantz joatea ahalbidetu dezakeelako.
Dena den, hamarkada bete behar izan da egia argitara ateratzeko, eta berriz ere, herriaren aldeko pausu bat izan beharrean norbanakoaren aldekoa izan dela garbi gelditu dela esango nuke.
Garrantzitsua da aipatzea funtsak bidegabe erabiltzea delitua izateaz gain, ekintza antietikoa ere badela. Herritarrek konfiantza dute beren ordezkari hautatuengan, beren baliabideak arduraz eta zintzotasunez administra ditzaten. Dirua bidegabe erabiltzen denean, konfiantza hori traizionatu eta egungo sistema demokratikoa kolokan uzten du.
Lasarten gertatu dena, inguruko herri eta autonomietan gertatzen denaren lagin txiki bat besterik ez da, alderdi politiko ezberdinen aldetik ematen dena. Ustez gure ordezkari diren horiek, gure ongizatea bermatu behar dutenek euren alde lana egiteak agerian uzten du norbere ardurak hartu eta erantzukizunak onartzeko dugun zailtasuna. Hau ikusita, sistemari eta gure buruei buelta pare bat eman beharko genizkiokeela iruditzen zait salbuespenak ohiko bihurtu baitira azken hamarkadetan. Egoera normalizatu, etsi eta gure amorrua eta ezinegona txiste txarrez estaltzera iristeraino.