Ez gaitezen engainatu, alderdi politikoek lotsarik gabe lapurtzen dute. Honekin ez dut adierazi nahi politikari onestik ez dagoela, eta batez ere, ez dut iritzi zutabe hau alderdi politiko batera lotu nahi. Baina argi dago ustelkeria Espainiaren marka dela, horrela ezagutzen dutela. Hemen politikariek gezurra esan, lapurtu eta edozein motatako arazoak izan ditzakete. Eta zer egiten du herriak? Lapurrei bozkatzen jarraitu.
Igande honetan, hilaren 23an, hauteskunde orokorrak deitu dira. Konstituzioak dioen bezala, "herritarrek gai publikoetan parte hartzeko eskubidea dute, zuzenean edo ordezkarien bidez, eta horiek askatasunez hautatuko dira aldizkako hauteskundeetan, sufragio unibertsalaren bitartez”. Alde batetik, argitu beharra dago hau guztiz egiazkoa ez dela, kasu askotan eskubide hau urratua izaten baita. Baina beste aldetik, itxaropena ia galdua izan arren, boto eskubidea dugun bitartean, jarraitu dezagun gure eskubideak lantzen eta saiatu gaitezen gure ondorengoei mundu hobeago bat uzten.
Alderdi politikoek aspaldi utzi diote herritarrak ordezkatzeari. Haiekiko sinesgarritasun ezak geroz eta urrunago kokatzen ditu herritarrak, eta urruntasun hori kezkagarria da. Gaur egungo ustelkeria politikoaren sentsazioak mesfidantza eta haserrea eragiten ditu, alderdien eta gizartearen arteko banatzea zabalduz. Herritar asko bahituta sentitzen dira beren eskubideen erabileran, erakundeek boterea monopolizatzen dutenean, botere legegilea zein gobernuko maila guztiak kontrolatuz, baita Estatuko erakunde gorenen osaera ere.
Egoera honek herritarrak nekera eraman ditu, eta geroz eta ohikoagoa da gure boto eskubidea ez erabiltzea. Datozen hauteskundeetan lortzen den abstentzioa handia bada, mezua argia d : alderdi politikoek proposatzen dutena ez ditu herritarrak konbentzitzen. Hala ere, ez bozkatzeak emaitzetan eragin zuzena ez izan arren, kasu gehienetan, abstentzioek, boto baliogabeek edo boto zuriek, gehiengoa lortzen duten alderdiei mesede egiten diete. Izan ere, gutxiengoek erabaki hartzeetan oihartzuna izateko adina boto lortzeko dituzten aukerak murrizten dituzte. Beraz, igande honetan ondo erabil dezagun boto eskubidea.