Emakumeok txiki-txikitatik garatzen dugu musu ematen saiatzen direnean baimenik edo barkamenik eskatzen ez duten eta baztertu egiten ditugun gizonen nahi gabeko ahoak saihesteko dugun “beharra”. Gure erresistentzia, ia kasu gehienetan, lortu nahi duten helburu horren oztopo bizigarri bihurtzen da: musu bat lapurtu, ipurdi bat ukitu, titi bat igurtzi.
Ez da desira kontua, botere kontua baizik. Eta hau argi geratu da Luis Rubialesen hizketaren osteko txaloekin. Botereaz mintzatzean ez naiz erakunde, enpresa edo instituzio bateko buru izateak ematen dizun botereaz ari, erasotzailearen inguruko gizonen konplizitateak eta isiltasunak ematen botereaz baizik.
Hamarkada luzez lortu ditugun aurrerapenek buru egin behar diote oraindik ere defentsa egitura bati. Borroka feminista neketsu horretan, artean, beren "eskubideak" haserrez eta harrotasunez defendatzen dituzten gizontxo gehiegi daude.
"Macho alfa" sentitu zaitezke zure barrabilei helduz, emakume bati baimenik gabe musu emanez, emakume bat erasotuz, baina ez horrenbeste erantzukizunak zure gain hartzeko. Askotan gertatzen dira erasoak, ikusten ez diren delituak, eta oraingoan telebistaz miloika ikusleren aurrean delitu bat jazo dela argi ikusi arren, emakumearen hitza zalantzan jartzen da berriro ere. Hori nahikoa izango ez balitz, erasotzaile honek, ondorioak onartu beharrean, konspirazioa eta feminismo faltsua salatu ditu. Maskulinitatearen ikuspegia, paketea sutsuki ukitzean oinarritua, baina egiaren aurrean eusteko gai ez dena. Maskulinitate faltsua.
Indarkeriak legez onartzea lortu arren, gizon hauen "estrategia" feminismoak emakumeak indartu beharrean, biktimizatzen dituela sinestea da. Ikusiak eta ez ikusiak diren milaka delitu, milaka eraso… Gaurkoan "macho alfa" hauen kasuaz hitz egin dudan arren, beste hainbeste idatz nezake gai honen inguruan. Baina honen guztiaren gainetik emakumeen elkartasuna, beraien arteko babesa eta erresistentzia azpimarratu nahi ditut. Elkarren arteko sarea ezinbestekoa izan da eta ezinbestekoa izango da.