Jauzia egin dut abesti horrekin, neguan izan ditugun hiruzpalau opor egunetan, Kataluniara egindako bisitak gogora ekarri dizkidanak idaztera. Azken asteetan estatistika ugari atera dira eta zoritxarrez gure herrietan euskararen erabilerak behera egin duela adierazi digute datuek.
Aipaturiko kantu horrek hausnarketara eramaten gaitu euskaldun zahar baten ikuspegitik abiatuta, kolektibo moduan euskara guztion elementu bateratzaile bihurtzeraino. Politikak, ordea, gure hizkuntzarekiko harreman estuegia izan du urte luzeetan zehar eta oso ideologia edo esparru nahiz ingurune zehatzekin erlazionatzeraino eraman du gure hizkuntza batzuentzat. Besteren batek militantziatik euskarak hori bera behar duela esango du.
Katalunia aldera joaten naizen bakoitzean dudan sentsazio berarekin itzuli naiz oraingoan ere. Jakinda bertako errealitate politikoa beste bat dela eta izan dela, hizkuntzari dagokionean, pauso handi batzuk ematea lortu dutelakoan nago. Hizkuntza, eremu konkretuetatik eta ideologia konkretuetatik aldentzea baino, esparru zabaletara irekitzea lortu dute, eta komunikatzaile, identitario eta bateratzaile bihurtzea. Hasi eguneroko erabileratik eta instituzioetan edo herri nahiz hirietako jardunetan ematen diren egoera konkretuetaraino. Merkatuak, dendak, kaleak eta abar katalan doinuz apainduta daude eta hortxe gakoa, ez baita apaintze ariketa hutsa. Eremu erdaldunenetan ere, ezagutza handia da, hemen bezalatsu, baina jauzia erabileran dator. Erabilerari dagokionean, herritarrek hizkuntzarekiko duten lotura sinbolikoaz haratago, instrumentaltasunera igarotzea lortu dute eta gutxi dira hori ezbaian jartzen dutenak. Atzerritarrekiko begirada irekia derrigorrezkoa duen herrialde bat dela jakinda, hauenganako, hizkuntza elementu hurbiltzaile moduan agertzea agerian geratzen da baina betiere katalana presente eta lehen planoan dagoelarik. Oraindik deigarriagoa egiten zait, estatu mailakoak edota enpresa internazional anitzek katalanarekiko daukaten errespetua, ziur aski erakundeetatik bultzatutako kontua izanda ere, herriaren behar moduan islatu da esparru honetan ere. Hizkuntza eskubideak neurri handi batean betetzen direlakoan nago.
Gurean, horretara guztira iristeko lehen pausoa, azken hamarkadetan euskaltzale askok egindako lanari jarraipena ematea dela uste dut; oso ongi egindako lanari. Horretarako, gure belaunaldiak, 30-40 urteren bueltan gabiltzan horiek, ardura hartu eta protagonista izan behar dugulakoan nago, eta, zoritxarrez ezagutza bermatua dagoen arren, erabilera ez da beharko genukeen modukoa. Jendarteak hizkuntza bere sentitzeko ekimenak, ezinbesteko tresna izango badira ere, garrantzitsuagoa izango da norberak gaur egungo hizkuntzaren izatearen zati garrantzizkoenari so egingo balio. Izaera bateratzaile eta komunikatzailea duen gure hizkuntzarena. Euskara baita euskaldun egiten gaituena, eta zoritxarrez, Gabriel Arestiren hitzek besteengana begirada zuzentzen duten moduan, gaur egungo egoerak, bakoitzak bere buruari egin beharreko galderara eramaten gaitu. Nik, zergatik ez?