Hasieran, ez duzu hor egon nahi. Hor egon behar ez zenukeela dioten ahots pila bat entzuten dituzu zure buruan. Baina, hor zaude, tipula adina kapa soinean, eskularru eta txano. Hotz handia egiten du eta zu adarrak lotzeko makinarekin adarrak banan-banan estruktura metalikora lotzen ari zara. Adarra hartu, norabidea eman, pistolari tiro, plastikozko alanbredun lazoa jarri eta hurrengo adarrari so. Behatz puntak sentitzeari ez uzteko gogor estutzen dituzu aldiro eskuak. Odola bero mantentzea lortu duzu. Bat-batean, hotza desagertu egiten da. Hotza ez baitzegoen “inon”, hotza sentitzeko gai zen gorputza baizik. Lanak, berriz, beti darrai. Jarduera errepikakor hori ez da desagertu.
“Hamaikak”. Deskantsua iragartzen duen lankidearen ahotsak geldiarazi zaitu. Fruta pixka bat jateko lehen etenaldia da. Hamabost bat minutu eta lanera itzultzen zara berriro. Hor zaude, bi besoak luzaturik, adar guztietara helduz, bakar bat ere lotu gabe ez uzteko asmoz. Bazoaz, landare bat bestearen atzetik lotuz, estruktura metalikoa adarrez betez, modu horizontalean. Zu, berriz, burua gorantza begira ari zara, bertikalean. Lepoa nekatu zaizu zerura begira, baina, postura horretan, inoiz erreparatu ez zenien txorien presentziaz jabetzen zara. Lankideei galdetzen diezu hegazti horiek ezagutzen ote dituzten. “Milanos”. Miru gorriak direla berretsi duzue mugikorrean. Hegazti eder horien konpainiak lan errepikakorra arindu dizu. Musika jar zenezake, baina, nahiago duzu txorien kantuaz eguna girotu: mikak, beleak, usoak, txantxangorriak...
“Ordubata”. Lankideekin mahastian bertan eseri eta aurreko egunean prestaturiko termotik koilara platera epela sartzen duzu barrura zerua ikustea ahalbidetzen dizun estruktura metalikoaren azpian. Koilarakada bakoitza pare bat kontu elkarri esanez uztartu eta azken txanpari ekitera. Hotza berriro, hotza sentitzen duen zure gorputza. Geldialdiak erritmoa hautsi dizu. Kosta egiten zaizun arren, lanean sartzen zara buru belarri beste behin. Lankidearekin hitz egin zenezake, baina isiltasun horretan dagoen bakeaz eta edertasunaz ohartzen zara. Ez duzu isiltasuna hautsi nahi. Zerbait esateak unea okerragotuko luke. Elurra hasi du orduan. Haizearekin batera aurpegian jotzen du, hotza sentitzen duen zure aurpegian. Euritarako erabiltzen duzuen arrantzale trajea soinean duzula sutondoan balitz bezala duzu gorputza. Bero. Badakizu nola mugitu. Lanaren erritmora. Aurpegiari, nahi gabe, irribarre bat marraztu zaio.
“Ez dio axola eguraldiak”. Txoriburu bat bazina bezala begiratu zaituzte lankideek gustura ari zarela esan diezunean. Irribarrea kutsatu diezue elkarri. Barrea ere bai. Eta hor zaude, txoriburu bat zarela jakitun. Han. Hemengo neguan. Mirua bezala. Zoriontsu.
Alajaina... Ezagutzen ez zenuen naturaren aurpegi horrek erakutsi dizu aurten, nolabait, naturarekin konektatzen.