Gero txangurroari jarri zion bexamela probatzea aski izan zen aste gastronomikoko azken platera arrakastatsua izango zela jakiteko: sekulakoa zegoen. Kozinatzeko esnegaina, gurina (duela urte batzuk hasi zen hori erabiltzen Rodriguez, eta geroztik ez du aldatu) eta arto-irina erabili zituen horretarako. Osagai horiek, ordea, ez dira bakarrik ezkontzen: irabiagailuarekin etenik gabe nahastu behar dira, hiruak bat izan arte; besoetan agujetak izan arte.
Rodriguezek ez du agujetarik izango gorputzaren zati horretan ohitua dagoelako jo eta su aritzera, eta, atzo ikusi eta batez ere entzundakoagatik, mingainean ere ez, lasai eta umoretsu jardun baitzen aste gastronomikoko azken hitzordura joan ziren herritarrekin, hasi aurretik zertxobait urduri zegoela esan bazuen ere.
Aurreko hiru gonbidatuekin bezala, Lasartearrako zuzendaritzak, Txomin Balza lehendakariaren eskutik, oroigarri bat eman zion sukaldariari, bere burua %75 galiziar eta %25 euskalduntzat duen lasarteoriatarrari. "Ez zitzaizun eskolara joatea gehiegi gustatzen eta azkar hasi zinen Avenidan lanean, gurasoei laguntzen, sukaldaritza gradu bat egin gero eta duela hamabi urtetatik zu zara jabea". Balzak berak egin du Rodriguezen ibilbidearen errepasoa. "Herritar guztiok ezagutzen dugu Avenida, bizi garen garaietan bizita ere produktu freskoen eta betiko sukaldaritzaren aldeko apustua egiten duen etxea".
Pazientzia eta esku ona
Jakitea Elkarteak antolatutako jardunaldi batera eraman zuen aurrenekoz Rodriguezek atzo prestatu zuen errezeta, nora eta Basque Culinary Center entzutetsura. 140 errazio prestatu zituen. "Pazientziarekin hartu beharreko lana da hau: txangurroa papurtu haragia ateratzeko, tipula su txikitan egosi, saltsa amerikarra prestatu, bexamela egin, labean gratinatu...", azaldu zuen sukaldariak. Atzo ere prestatu zituen txangurroak, 60 baino gehiago, eta prozesuaren azalpenak azkartze aldera aurretik egin zituen lan batzuk, tipularena kasu. Gero, topaketa hasi eta segituan, Lasartearrako bazkide batzuk laguntzaile gisa hartu eta pausoz pauso erakutsi zuen platera nola prestatu, mahaikideen galdera interesgarriei erantzun bitartean. "Plazera da niretzat elkarte honetan eta zuentzat kozinatzea", esan zuen.
Aurretik mimoz prestatutako guztiari labean eman zion azken ukitua, txangurroa gratinatzearena hain zuzen. 10-15 minutu pasata, eskularruak jantzi eta platerak banatzen hasi ziren mahaikideen artean. Rodriguezen azalpenak entzun eta begiekin jakiak zuen itxura ikusita, batek baino gehiagok ezin izan zion tentazioari eutsi eta mihia gutxigatik erretzera iritsi gabe hasi zen jaten, sagardo, ardo, garagardo edo ur freskoarekin lagunduta.
Koilara esku batean eta edalontzia bestean, guztiek egin zuten topa 50. urteurrenagatik eta egunotan gutizia goxo askoak prestatu dituzten sukaldariengatik.