Javi Penasen eskutik dastatu dute lehena: Pobreen kabiarra

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 19a, 09:52

Lasartearra elkartea 50. urteurrena ospatzen ari da, eta horretarako prestatu duen egitarauaren barruan, aste gastronomikoa aurrera eramaten ari da egunotan. Herriko lau sukaldariren mokadu goxoak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen diren lasarteoriatarrek. Lehenaz gozatu dute dagoeneko; Herriko Etxeako Javi Penasen Pobreen kabiar zaporetsu bezain ederra jan dute

Zer da bada ospatzea, sabela betetzea ez bada? Ondo dakite hori Lasartearra elkarteko kideek. 50. urteurrena ospatzen ari dira, eta antolatutako jardueren artean, aste gastronomikoa aurrera eramaten ari dira egunotan. Lau sukaldari lasarteoriatar gonbidatu dituzte horretarako, eta horiek,mokadu bana prestatuko dituzte bertaratzen diren herritarren gozamenerako. Herriko Etxeako Javi Penas izan da horien artean lehena; Pobreen kabiarra prestatu die atzo iluntzean elkartean bildutako 30 bat lagunei. 

Sukaldariaren aurkezpena eginaz eman diote hasiera ekimenari, eta hori amaituta, Penasek bere jakia aurkezteaz gain, hori prestatzeko erabiliko zituen osagaien berri ere eman du. Arrautza poxatua nola egin azaldu du lehenik, eta horren ostean mahaigainean ekarri ditu gainerako osagaiak: aurrez egositako dilista xukatuak, horien ura, su baxuan egindako tipula, txipiroi tinta eta ostren ura. Horiek guztiak aurrez kozinatuta ekarri dituen arren, behar bezala nahasi eta sutan ipini ditu elkarrekin sukalda zitezen. Hori eginda, kristalezko ontzitxoetan zerbitzatu du nahasketa osoa, eta amaitzeko, poxatutako arrautza bana jarri die gainean. Horrela, hitzordura batutakoei banatu diete elkarteko kideek, eta bakoitzak aukeratutako edariarekin lagunduta, ederki bete dute sabela. Gozatu dute, hala ikusi ahal izan da horien aurpegietan; areago, izan da bigarren aldiz jan duenik, gehienek errepikatu dute. Giro bikaina izan da nagusi.

Gaur, berriz, Lavie gastrobar-eko Javi Mendoren txanda izango da. Asteazkenean, aldiz, Casa Humadako Sergio Humadak egingo du bere eskaintza, eta ostegunean, azken egunean, Avenida Tabernako Yon Mikel Rodriguez arituko da su artean. Edozein bertara daiteke Erribera kaleko 10. zenbakiko egoitzara.

Erlazionatuak