Herritarrek jarraitzen dute Lasartearra elkartearen 50. urteurrena ospatzen, eta ez edonola, gainera. Sabelak jaki ederrez betetzen ari dira asteon, izan ere, urtemuga hori aitzakia hartuta, aste gastronomikoa aurrera eramaten ari baitira. Hala, lau sukaldari gonbidatu dituzte su artea kozinatu eta prestatutakoa bertaratutako herritarrei eskaintzera, eta Casa Humadako Sergio Huamdaren txanda izan zen atzo, asteazkena.
Hitzorduari hasiera emateko, ohi bezala sukaldariaren aurkezpena egin dute elkarteko kideek, eta Humadak hartu du hitza gero. Plateraren aurkezpena egin die bertaratutakoei: Parmentier-ak lagundutako masaila. Haragi mota hori gordinik nola garbitu, eta kozinatu erakutsi du lehenik; azaldu du saltsa egiteko ardo beltza erabili ohi duela, baita baraziki ugari ere; porrua, tipula, azenarioa, eta abar. Ondoren, parmentierra egiteko azalpenak ere eman ditu; baporean egositako patata, esnegaina eta gurina erabiltzen ditu, besteak beste. Elkartean bildutakoek adi-adi entzun dituzte azalpen horiek guztiak, baina horietako inori ahaztuko balitzaizkio ere, ez du bertan ikasitakoa etxean ez sukaldatzeko aitzakiarik izango; errezetaren azalpena orri bana eman die sukaldariak.
Sorpresa eta guzti
Azalpenak amaituta, jakiak platerean aurkezteko txanda iritsi da, baina hori baino lehen, sorpresatxoa eman die bertaratutakoei. Beste mokadutxo bat prestatzen erakutsi die. itxura berrituko Gilda. Uraza kukulu batean, oliba berdez, piperminez eta antxoaz osatutako pastatxoa jarri, eta gainean beste antxoa bat jarri dio. Harrituta geratu dira ham bildutakoak, baina gustatu zaie jakia; bikaina zegoela adierazi dute.
Masailak platerean aurkezteko, elkarteko kideen laguntza izan du Humadak, eta denen artean lan txukuna egin dute. Parmentier koilara bana jarri dute oinarrian, eta, gainean, ardo beltz saltsan kozinatutako masail zati bana. Amaitzeko, tipulin txirbilekin apaindu, eta bana eman diete elkartera joandakoei. Isiltasuna nagusi izan da une horretan, denak pozik eta gustura dastatu dute eskainitako mokadu bikaina. Etxeratu aurretik, sukaldaria mahiez mahai ibili da bertaratu direnekin hizketan.
Gaur, berriz, Avenida jatetxe-tabernako Yon Mikel Rodriguezen txanda izango da, eta sare sozialetan aurreratu duenez, Txangurroa donostiar erara kozinatzen erakutsiko die bera entzutera joango direnei; hori dastatzeko aukera ere izango dute. Edozein bertara daiteke Erribera kaleko 10. zenbakiko egoitzara.