Hurrengo elurterarte

Gorka Lasa 2023ko ots. 3a, 08:30

Okasiorako egoki prestatu eta mendirantz abiatu nintzen, bizitzak edo naturak oso tarteka eskaintzen digun elurretan ibiltzearen plazeraz gozatzera.

Bidezidorrean gora nindoala, non sasiak mugatzen zuen bidearen ertza eta belardiaren hasiera, txepetx bat somatu nuen. Sasiak osatzen zuen matazaren barnetik kanporakoa eginez, bere arintasunean ia dardararik ere egiten ez zuten adasketan pausatuz, jostari eta saltari. Lotsagabeki niri jarraika ibili zen txorrotxioka, berak egiten dituen dozenaka habietako batean ezkutatu zen arte, lumaz estali eta negurako goxoki egokitzen duen horretan.

Luze ibili ondoren, bidea alde batera utzi, eta elur aratzean nire oinek elur hauts zuria zanpatzen zuteneko hots hauskorrari adi eta atzean uzten nituen arrastoei so, non agertzen den azeri bat. Hura ere elurraren plazerean zoratzen edo, ez zen nire presentziaz ohartu, eta hanka puntetan bezala, elur hotza ahalik eta gutxien zapaldu nahirik bezala ibili zen denbora tarte labur batez, hara eta hona, nigandik ez oso urrun. Bat-batean nitaz jabetu eta korrika presaka ihesi joan zen, orduan ere elur arrastoa doi-doi utziz. Arrasto horiei jarraiki, ahaltz eta sahats batzuen arteraino heldu nintzen, non zulo bat ikusi zitekeen ingurua aztarkatuta zuelarik, huraxe zuen bizileku.

Herrirantz nentorrela jada, Etxeberri izeneko etxebizitza baten ondotik pasa nintzen, zeinak salgai dagoenaren kartel bat duen kanpoaldean. Imajina dezaket zein ilusiorekin eraikiko zuten, etxe berri bat, amets berri, bizitza berri… Orain hutsik eta salgai, ordea. Zer gertatuko ote zen erabaki hori hartzeko?

Etxegabeak ugaldu egin omen dira, arrazoi bat hala beste, kalegorrian daudenak gero eta gehiago dira. Donostian ehun pertsonatik gorak egiten omen dute lo kalean. Etxebizitza izatea eskubide bat izan arren, askok ezin dute etxe baten jabe izan, ezta alokairurik ordaindu ere eta aterpetxera jotzen dute neguko gau luze eta hotzetan. Pandemia aurretik baino etxe turistiko gehiago eskaintzen omen da Donostian, eta 66 oheko aterpetxea besterik ez.

Beti bezala, orain ere bide okerretik eta galduta gabiltza. Txepetxa eta azeria beroien kabi eta zuloan ederki moldatzen diren bitartean, guk bertakoak kale gorrian uzten ditugu kanpotik datozen turistei dirutza baten truke etxea eskainiz.

ZUTABEGILEEN IRITZI ARTIKULUAK 'NEURE KABUZ' KANAL BEREZIAN IRAKUR DITZAKEZUE

Erlazionatuak

Eskutik helduta

Txintxarri Aldizkaria 2022 ira 23 Euskara