Herriko sukaldearen onena erakutsiko dute aste gastronomikoan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 18a, 09:40

Lasartearra elkarteko lehendakari Txomin Balza eta idazkari Iñaki Gorostegi, urteurrenaren egitarauaren aurkezpenean.

Lasartearra elkarteak 50 urte bete dituela ospatzen jarraituko du aste honetan zehar, gaurtik ostegunera arte aste gastronomikoa aurrera eramango duelako. Herriko Etxea jatetxeko Javi Penas izango da lehenengo gonbidatua; 20:00etatik aurrera, Erribera kaleko 10. zenbakiko egoitzan pintxo goxo bat prestatuko du. Antolatzaileek jakinarazi dute edonor bertara daitekeela jarduerara, nola sukaldatzen duen ikusi eta prestatzen duena dastatzera.

Toki eta ordu berean, bihartik ostegunera arte, sukaldari hauek ariko dira lanean: Javi Mendo (Lavie Gastrobar), Sergio Humada (Txitxardin) eta Yon Mikel Rodriguez (Avenida taberna-jatetxea). 

Igandean, bazkidearen eguna

Aste gastronomikoa ez da aste honetako ekimen bakarra izango, igandea Lasartearrako bazkideen egun handia izango baita. Hau da prestatu duten egitaraua:

  • 11:00etan, hil egin diren bazkideen omenezko meza, Arantzazuko Ama parrokian. Erketz EDTko kideek parte hartuko dute.
  • 11:30ean, haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte Zumaburu plazan (lasarteoriatar guztiei zuzendutako ekimena da). Eguraldi txarra egiten badu, Loidibarren pilotalekuan ariko dira.
  • 11:45ean, elizkizuna bukatu eta gero, bazkideak poteoan ibiliko dira erdiguneko zenbait tabernatan (Ilargi, Avenida, Arkupe eta Genesis), Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin batera.
  • 12:00etan, emanaldia egingo du Erketz EDT dantza taldeak, Zumaburu plazan. Eguraldi txarra egiten badu, Loidibarren pilotalekuan ariko dira.
  • 15:00etan, bazkideak bazkaltzeko elkartuko dira Lasartearraren egoitzan (Erribera kalea, 10). 50 urte bazkide izaten daramatenak omenduko dituzte eta baita Lourdes Sarabia (elkartearen sorreran paperak egiten lagundu zuen) eta Valentina Gainza (elkartearen armarria eskuz brodatu zuen) ere.