Herritarrak ederki lehiatu dira duatloi eta triatloi denboraldian

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uzt. 28a, 13:45

Trinkoko Mikel Izagirre (erdian, berdez), Onditz oroimenezkoan lehian. Arg.: Festak.com

Duatloiak, triatloiak, Ironman probak... Lasarte-Oriako atletak martxotik hona hainbat proba lehiatu dituzte. Probaz proba herritarrak euren helburuak betetzeko prestatzen joan dira denboraldian zehar.  Eguraldia edo uraren tenperatura alde batera utzi eta ez dute etsi. Batzuk lehen postuetan izan dira

Duatloi modalitateak motorrak berotzeko balio izan zien herritarretako batzuei. Martxoan eman zioten hasiera batzuk Añorgako II. Duatloiarekin, atxikia doan "Jon Presa eta Julen Goenaga Udaberri lasterketako podiumean izan dira" artikuluan berri eman genuen modura. Zumeatarra taldeko Andoni Illarramendi izan zen herritarren artean azkarrena (01.14.11). 

Hilaren amaieran, Oñatiko duatloiari egin zioten aurre Trinkoko Imanol Arteagak (02.11.09) eta Iurgi Los Arcosek (02.22.38).

Apirilaren Zuian hasi zuen hilabetea Arteagak (03.51.32) eta amaitu, berriz, Azkoitiko duatloian (02.14.13) estandar modalitatean. Azken horretan, Zumeatarra taldeko Maider Lizarragak ere parte hartu zuen (02.42.41).

Hil horretako 22an, Zizurkilgo II. duatloia ere jokatu zuten. Bertan izan zen Zumeatarra taldeko Andoni Illarramendi (01.02.03) eta Ibai Izagirre (01.06.58) herritarrak ere. Egindako markari esker, Illarramendik beterano mailako lehen postua eskuratu zuen.

Triatloi ugari

Beste askok triatloien garaiera arte eutsi zioten lehian hasteko. Maiatzeko lehen asteburuan, hilaren 6an zehazki, Hondarribiko Sprint Triatloia izan zen lehena. Zumeatarra taldeko Aimar Sukunza (01.10.33), Ibai Izagirre (01.21.34) eta Maider Lizarraga (01.34.35) herritarrek zein Trinko taldeko Mikel Izagirre (01.25.54) helmugako marra gainditu zuten. Sukunzak gainera 23 urtez azpiko podiumean izan zen, hirugarren mailan.

Hil horretako 22an, Getarian izan zen lehian Zumeatarrako kide Sukunzak (01.03.22) eta Izagirrek (01.13.13) berriz ere bat egin zuten. Horiekin batera Andoaingo taldeko kide Unai G. Somovilla (01.17.14) eta Trinkoko Haitz Mitxelena (01.16.46) herritarrek amaitu zuten proba. Lasarte-Oriako taldeko Mikel Izagirrek, aldiz, proba utzi behar izan zuen.

Ekainaren 6an, Trinkoko Imanol Arteaga (04.31.40), Zigor Gallardo (05.05.43) eta Sergio Sierra (05.29.25) kideek VI Halk Gasteiz proba gainditu zuten.

Aste bete geroago Zarauzko Triatloia lehiatu zuten. Zumeatarrako Andoni Illarramendi (04.46.41) eta Maider Lizarraga (05.22.59) izan ziren borrokan baita Añorga taldeko Igor Corcuera (05.40.06) herritarra.

Eta ekainari amaiera emateko bi jardunaldi izan ziren Donostian, Emakumeen Triatloia eta Donostiako Triatloia - Onditz Oroimenezkoa. 

Lehenean, besteak beste, Maider Galardi Fernandez de Agirre herritarrak parte hartu zuen. Bigarrenean, aldiz, ordezkaritza zabalagoa izan zen; Trinko taldeko Imanol Arteaga (02.17.01), Mikel Izagirre (02.31.32) eta Pablo Muñoz (02.35.24) zein Añorgako Corcuera (02.38.38) eta Zumeatarrako Ibai Izagirre (02.25.34). Andoaingo taldeko kide Maider Lizarragak lehia hasi zuen, baina ezin izan zuen amaitu.