Trinkoko kide Zigor Gallardok eta Imanol Arteagak distantzia luzeko probak gainditu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uzt. 28a, 13:45

Arteaga (ezkerrean) eta Gallardo (eskubian), probetan. Arg.: Ironcat - B. Dela Sotilla Ventura /Z. Gallardo

Triatloia edo duatloiaz gain, Ironman probei ere aurre egin diete aurten Trinko Triatloi Taldeko bi kidek: Imanol Arteaga eta Zigor Gallardo. Distantzia luzeko proba horrek hiru atal izan ohi ditu igeriketa (3,8 km.), txirringa (180 km.) eta korrika (42,2 km.)

Maiatz erdialdean, hilaren 13an, zehazki, Arteagak Ironcat - L'Ampolla gainditu zuen. Tarragonako L'Ampolla herrian kokatutako lehiaketan 82 parte hartzaile bildu ziren irteera puntuan eta seik ez zuten helmuga zeharkatu. Arteagak, aldiz, hogeitabatgarren postua eskuratu zuen sailkapen orokorrean eta beterano 1 mailan, hamargarren izan zen. Igerian ongi moldatu zen eta hamargarren iritsi zen lehen trantsizio puntura (58.01), bigarren zatian 05.16.32 eginez atzera egin zuen sailkapenean eta azken atalean, lasterka ongi eutsi zion postuari. Guztira, 9 ordu 47 minutu eta 36 segundo behar izan zituen herritarrak.

Gallardok, bestalde, Gasteizko proban parte hartu zuen, uztailaren 16an. 1.500 atleta bildu ziren Uribarri-Ganboa urtegiko Landa hondartzan, Arabako hiriburu eta Agurain arteko ibilbidea hiru alditan txirringan egin eta Gasteizko erdigunean amaitu zuten bidea korrika. Trinkoko kideak guztira 12 ordu, lau minutu eta 28 segundo behar izan zituen proba egiteko; atalka 01.10.05, 05.43.59 eta 04.58.02 izan ziren bere markak.