Jon Presa eta Julen Goenaga Udaberri lasterketako podiumean izan dira

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 16a, 14:00
Jon Presa (erdian) eta Julen Goenaga (eskuinean), lasterketan lortutako garaikurrekin. Arg.: J. Presa.

Hilaren 12an, 19. Udaberri lasterketak 1.200 bat lasterkari bildu zituen, Donostiako EHUko kanpusean. Lasarte-Oriako 46 ordezkari izan ziren lehian eta bik podiuma zapaldu zuten

Lehen metroetatik lasterketa buruan jarri zen Joseba Diaz eta jarraitzaileen multzoan izan zen Aloña Mendi taldeko Jon Presa herritarra. Kontxa aldean ihes egin zuen eta hirugarren (32.01) iritsi zen helmugara. 

Horrez gain, proban 10 kilometrotako Gipuzkoako txapelketa ere zegoen jokoan eta horregatik, brontzezko domina ere jaso zuen Presak.

Ez zen saria jaso zuen herritar bakarra izan; Julen Goenagak (34.42) EHUko lehen ikaslea izateagatik  lortu zuen garaikurra.

Añorgako duatloia 

Egun horretan bertan, Añorgako II duatloia ere lehiatu zen eta hainbat herritar izan ziren lehian. Zumeatarra taldeko Andponi Illarramendi izan zen lehena helmuga zeharkatzen (01.14.11), baita probako beterano 2 mailako garailea ere.
Gainerako herritarrak Trinko taldeko Iurgi Los Arcos (01.18.55) eta Mikel Izagirre (02.22.19) eta Zumeatarrako Ibai Izagirre (01.19.58) eta Unai. G. Somovilla (01.27.35).