Paradoxa dirudien arren, orain dela hilabete gutxira arte nik ez nuen heriotza gertutik bizi izan. Bai, heriotza ere bizi daiteke. Lehenengoan, etxera bueltan hegazkinean sartzera nindoala, amaren deia: "Amona sedatuko dugu. Ea iristen zaren". Eta ez, ez nintzen heldu amonari agur esatera. Bigarrenean, ostiral goiza zen. Erabakia hartzeko unea iritsi zen. Aita eta osaba-izebak ospitalera igo ziren bitartean, nik nire errutinarekin jarraitu nuen, ohi bezala. Baina bat-batean espero nuen deia jaso nuen. "Aitona sedatuko dugu. Agur esan nahi badiozu, igo".
Egun horretan ohartu nintzen zein aberatsa zen nire aitona. Lau seme-alaba eta lau biloba “ditu” edo “zituen” nire aitonak. Zergatik pertsona batek uzten gaituenean orainean hitz egiteari utzi eta lehenaldian hitz egiten hasten gara? Inguru-minguru ibili gabe, egun horretan bizitakoarekin jarraituko dut.
Beti sentitu dut toki hotz gisa ospitalea, baina aitona goxotasun osoz agurtzeak hoztasun hori ahaztuarazi zidan. Aitonari agur esateko une gogorraren aurrean, ni zoriontsu eta esker onez sentitu nintzen. Lehen esan dudan bezala, aitonak lau seme-alaba eta lau biloba ditu, eta sedazioak iraun zuen sei orduetan ez zen inor mugitu aitonaren ondotik. Sei ordu heriotza ondoan genuela. Sei ordu familia guztia aitonaren inguruan egon zela. Sei ordu bizitzaren azkeneko uneaz gozatzeko aukera izan genuela. Inoiz ahaztuko ez ditudan sei ordu.
Bere azken arnasera arte, bere azken taupadara arte, bere bizitzaren bukaerara arte, isiltasunean, bere eskubiko eskutik helduta egon nintzen. Masailetatik malkoak irristatzen zitzaizkidan bitartean, aitonarekin bizitakoaz, berak emandakoaz gogoratu nintzen.
Aurtengo gabonak desberdinak izango dira, ziur. Aurten hamabi aulki jarri beharrean, 11 eserleku bakarrik egongo dira. Aurten mahaiaren inguruan zure falta sentituko dut, aitona.