Etiketak

Maitane Rebe Igartua 2023ko ots. 24a, 07:00

Janzkera, lagunak, militantzia, alderdi politikoak, lanbidea, orrazkera, pertsonekin dituzun harreman motak, entzuten duzun musika, bikotekidea, edo bikotekidea ez izatea, kolektibo bateko partaide izatea… Horrek definitzen al gaitu? Horretan oinarrituz dakigu nolakoak diren pertsonak? 

Gizarteak txiki-txikitatik erakusten digu jendeari etiketak jartzearen garrantzia, baita gure buruari ere. Beti sentitu edo egon nahi dugu kolektibo baten barruan, onarpen bat beharko bagenu bezala, zerbaiten parte izatearen zentzua bilatzen uneoro. Baina, zertan dute funtsa etiketa hauek? Ez al dira aurreiritzi eta estereotipo hutsak?

Etiketatzea iritzia aurretik ematea da, espektatiba batzuk esleitzea, eta horietako asko umeak garenetik egokitzen zaizkigu. Kanpotik datozten “rolak” barneratzen ditugu, eta geure egiten ditugu, irentsi arte, eta gure nortasunean lausotzen ditugu ia konturatu gabe. Horrek, pertsonaren konplexutasuna eta aldaketarako eskubidea mugatzen ditu eta errealitatea sinplifikatzeko bide ematen du.

Horrekin ez dut adierazi nahi etiketa hauen kontra nagoenik. Izan ere, batzuetan beraien beharra sentitzea ere ulertzen dut. Baina gure bizitzan zehar eragin handia izan dezaketela ezin da zalantzan jarri. Etiketak daudela eta egongo direla argi dago, eta horien esanahiaren arabera jardutea da ontzat edo txartzat har daitekeena.

Pertsona bat etiketatzen dugunean, pertsona hori indartu edo gutxietsi dezakegu. Eta zoritxarrez, gaur egungo gizartean gehien egiten dena kategorizazio kaltegarri bat izaten da, joera eta aurreiritziz betea.

Gaur egun bizi garen gizarteak dena kontrolpean izan nahi du, eta horregatik dena kategorizatu behar dugu, kategorizatzeak kontrol sentsazioa emango baligu bezala. Baina, talde bateko kide izan nahi izateak gehiago indibidualizatzen gaitu; izan ere, talde bateko kide izan ahal izateko, etiketa komunak izan ohi ditugu, eta ez gara ezarritako lerro horietatik ateratzen, epaituak senti ez gaitezen.

Beraz, saia gaitezen bizitzaren eta pertsonen ikuspegi irekiago bat eta malguago bat izaten. Ez ditzagun etiketa errazak eta azkarrak erabili, pertsonak benetan ezagutzeko aukerak mugatuz. Zaindu dezagun elkar eta zaindu dezagun gure pertsona ere, gure barruan itsatsita dauzkagun eta kalte egiten diguten etiketa eta estereotipo guztiak kenduz.