Hau da Sorgin Jaiak-ek kaleratu duen idatzia:
"Udako solstizioarekin sortutako sugarrek, Lasarte-Oriako sorginei bide eman zieten, gurean hain berezia den akelarrea irrintzi eta algara artean ospatzeari. Erratzak hartu, gonak jantzi eta herriko plazan hasi genuen urteroko errituala, sei egunetan zehar, euskara, herritarren parte hartzea, kontsumo ereduak, birziklapena, feminismoa eta beste hamaika osagai edabean nahastuz.
Baina, aldarriz beteriko akelarre honetan ere izan dira emakume, bollera, trans eta oro har, sistema zisheteropatriarkalak zapaltzen eta baztertzen dituen subjektuen aurkako erasoak. Eta gu, nazkatuta gaude urtez urte festetan horrelakoak salatzeko elkartu behar izateaz. Nazkatuta gaude kalean beldurra pasa behar izateaz. Nazkatuta gaude gizonek gure espazioak okupatzeaz. Nazkatuta gaude jaiak eta parrandak nahi ditugun moduan ez gozatzeaz. Nazkatuta gaude gure gorputzak objektu gisa irakurriak izateaz. Nazkatuta gaude patriarkala den gizarte antolaketa honek, indarkeria matxista bizitzako eremu guztietan egotea ahalbidetzen duelako, izan erakundeetan, kalean eta baita hurbileko ingurunean ere.
Guzti honek, beste behin, agerian utzi du indarkeria matxista egiturazkoa dela eta erasoak isolatuak, otzanak, biolentatuak eta isilduak nahi gaituen sistemaren isla gordina direla. Sorginak, ordea, aspaldi hasi ginen feminismoaren bueltan, bestelako aisialdi eta bizi ereduen inguruan hausnartu eta ideia horiek hezurmamitzen, historikoki gureak izan ez diren espazioak okupatzen, jai, aisialdi eta harremantzeko espazio propioak sortzen zein gorputz eta identitate ez normatiboak lehen lerroan jartzen.
Beraz, Sorgin Jaiaken izenean, sorginok gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu egun hauetan zehar erasotua sentitu den edonori. Bien bitartean, guk erratzak eskuan, gure gorputzak, plazerak, ahotsak eta elkar zaintza erdigunean jarriko dituen bizimodu baten alde autodefentsa feministaz borrokatzen jarraituko dugu, elkarren artean saretzea ahalbidetuko duten espazio seguruak sortuz.
Gora borroka feminista!
Sorgin Jaiak